Izarraizpetik

Jo ditzaten ezkilak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2023ko mai. 23a, 08:50

Luis Gurrutxagak 2023ko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Aurreko idatzian, otsailekoan, esaten nuen kanpandorreetako erlojuak kanpairik gabe, nolabait, umezurtzak izango liratekeela. Jo dezagun, erloju tramankuluaren bozeramailea dela kanpaia, eta esfera edo biribilkia orduen aplikazio bisuala. Aurreko belaunaldietan kanpandorreetako erlojuen garrantzia ezinbestekoa izan da, batik bat landa inguruneetan. Ordularirik eskura ez, eta denboraren kontrola eramateko, kanpandorreetako erlojuetan oinarritzen ziren. Orduak adierazteaz aparte, helburu orotarirako balio izan zuten-eta neurri batean..., baita gaur ere. Herri zein auzo txikienetan egunean zehar hiru kanpaikada entzuteko ohitura ezaguna da, nahiz eta auzo askotan galdua dagoen: egunsentian, matutia; eguerdian, angelusa; eta ilunabarrean, amaietakue. Antza denez, Erdi Aroan matutiko kanpaiez baliatzen ziren herriko harresiak irekitzeko, eta ilunabarrakoekin isteko, alegia, biztanleak harresi barruan behar zutelako ordurako. Hamabietako angelusak, berriz, otoi egiteko tenorea eta landa eremuetan lanean ari zirenentzat otordurako seinalea ziren. Gaur egun, norbait zentzen denean, hil kanpaiak jotzeko ohiturak irauten du. Kanpaikadak mantso entzuten dira, eta zenbait herritan, zendua emakumea, gizona edo haurra den bereizi egiten dute kanpaikada kopuruaren arabera. Aian, berriz, bereizketa hori kanpai batekin edo bestearekin egiten dute, soinu ezberdina baitute. Auzoan etxe, baserri, basoetan... gertatutako suteetan herritarrei laguntza eskatzeko, ohikoa dute arin-arin jotako kanpaikadez baliatzea. Udaberrian egiten ziren errogatibatara –euria erakartzeko– eta konjuruetara –ekaitzak sahiesteko– jendea deitzeko ere ezkilak erabiltzen ziren. Horren karira, aintzinean edo ez hain aspaldi, pentsatu izan zen, apaizen bedeinkapenek bakarrik ez, kanpaiek ere –bedeinkatuak zeudenez– doai bereziak zituztela, eta ondorioz, eragina zutela naturan ematen diren fenomenoetan ere. Alvaro de Moscoso XVI. mendeko Iruñeko gotzainaren arabera, kanpaiak "Jaungoikoaren tronpetak" ziren, eta dibinitateak emandako boterea zutenez, ezkilak ahalmenduta zeuden gizakiaren mesedetarako.

Dena den, ezkilkadak orduero, etengabe, entzutea, ez da denen gustukoa izaten. Adibidez, ezbaia sortu izan da gaueko kanpainkadak mantendu ala ez. Kasu honetan, donostiarra kanpai dilindatara ohitua egongo zen. Izan ere, Artzain Oneko erloju zaharrak, ordu erdietan ere errepikatzen zuen ordua, urtean zehar 170.000 kanpaikada jotzen omen zituen, alajaina! Bestelako kontua da Azkoitikoa. Gabonaz gero, herriko plazako erlojuari esker, eguerdiko hamabietan hain berea duten Din don abestia entzun daiteke, eta arratseko zortziretan, Lau teilatu ezaguna, soinudun paisaia alaituz.

Kanpandorreetako erlojuek zuten garrantziaz eskura dudan dokumentuak hala dio: Beizamako Udaleko artxiboetan topatutako agiriak duela 150 urteko kontua azaltzen du. Erloju berria erosi eta kanpandorrean muntatu behar zuten, eta orduko Beizama guztiko etxeak zein baserriak daude zerrendatuta, familia bakoitzak egindako ekarpena, errealetan eta zentimoetan zehaztuz. Dokumentuaren bukaeran, hartu-agiria irakur daiteke, eta bertan errementari-erlojugile yeregitarren familiako hirugarren belaunaldiko Juan Jose Yeregiren sinadura. Erloju berria eta hura kanpandorrean muntatzea 2.500 erreal kostatu zitzaien beizamarrei. Data 1871ko urriaren 28a du. Herri osoaren inplikazioa eskatu zuen erloju berriak. Eta erlojuen garrantziarekin segituz, erlojugileek sinatzen zituzten hainbat kontratutan agertzen dena esanguratsua da; besteak beste, gaixoen zaintzarako erlojuen funtzionamenduaren berme osoa eskatzen zieten fabrikatzaileei. Izan ere, sendagileak errezetatutako botikak, otorduak eta abarren maiztasuna jakiteko kanpaikadetan oinarritzen baitziren. Nola bada bestela?

"Auzoan umejolasik eta kanpai hotsik ez bada entzuten... malo!", dio Boni erloju zaintzaileak. Beraz, kantak dioen bezala... "jo ditzatela ezkilak". Gutxienez...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide