Keixeta aizkolariak txapelketa batean lortutako garaikurraren istorio bitxia da honako hau. Luze hitz egin genezake Keixeta aizkolariaz, erreferentea eta mitoa aizkolaritzan. Erreparatu nahi dut, baina, duela ehun urte jaso zuen garaikurraz, 1,40x1,00 metro neurtzen duen banderaz. Antza denez, aipatutako oihalezko garaikur horrek gizonari arazoak ekarri zizkion. Deigarriak dira horiek.
Oñatiko San Migel jaietan, garaiko bederatzi aizkolari onenen arteko lehiaketa antolatu zuten –tartean, Keixeta–. Data: 1925eko urriaren 5a. Beraz, aurten ehun urte. Keixeta gailendu zitzaien guztiei, eta bigarren gure bailarako beste aizkolari handi batek egin zuen, Inazio Orbegozo Arriya-k.
Keixetak garaikur gisa jaso zuen banderak lau angeluak lotuz bi marra gorri zituen gurutzatuta, San Andres gurutzea irudikatuz. Herriko mojek brodatutako aizkolariaren irudia, garaiko itxurarekin, eta lurrean hiru enbor. Hizki larriz, berriz, honako testua: Bandera de Honor Concurso de Aizkolaris Oñate 1925. Eta goiko ezkerreko angeluan banderatxo... nazionala; Espainiakoa, alegia. Kontuan hartu behar dugu, bi urte lehenago, 1923an, Primo de Rivera militarrak diktadura erregimena inposatu zuela, eta horrekin batera, herriak bereak zituen sinboloak debekatu zituela; esaterako, ikurrina. Keixeta euskaldun nazionalista petoa izanik, bandera gorri-horia ikurrinaren koloreekin estali zuen.
Ondoren gertatutakoa ulertzeko, itzul gaitezen Espainiako gerraren ondorengo hamarkadara, herritarren artean gosea guztiz hedatua zegoen garaietara. Gobernuak baserritarrei zera inposatu zien: urteko uztaren zati bat –babarruna, artoa, garia...– agintariei eman beharra. Urte hartan, uzta urria izan edo, eta hizpide dugun gure gizonak ez zuen eraman zegokion kantitatea; orduan, udaletxetik deitu zioten isuna ordaindu beharra zuelako. Isun kontuari buruz bi bertsio jaso ditut. Nonbait, autoritatea baserria miatzera joan zenean, garaikur oihalean ikurrina zuelako izan zen zigortua. Beste bertsioak dio zegokion urteko uzta ez eramateagatik jarri ziotela isuna. Edo agian... bi arrazoiengatik! Dena den, Keixeta, aizkolari aparta izateaz gain, ezaguna zen hizketan zuen trebetasunagatik, eta haren ateraldiak hain ezagunak izan zirenez, liburu batean edo bestean izan dut aukera horiek leitzeko. Isuna ordainduta bazihoala, udaletxeko idazkariak: "E Joxe, tori agiria". "Ez, ez. Agiri beharrik ez det. Etzait ahaztuko", hatz erakuslearekin burua seinalatuz.
Ez dut nahi, ordea, Keixetaren figura pasadizoetan bakarrik islatzea. Bere kirol bizitza errepasatzen badugu, ondoriozta dezakegu atleta izugarria izan zela. Ez zen bakarrik aizkolaria izan, harria jasotzen trebea zen eta korrikalari aparta. Azpimarratzekoa da nola asmatu zuen bere elikadura zaintzen ere. Garai haietan, zenbat eta okela gehiago jan, hobe kirol errendimendurako. Apustua adostu ondoren jarri zioten dieta, bere seme Jose Domingok komentatutakoaren arabera, esaterako: bazkaltzen zopa, oilo erdia, 500 gramoko txuleta, lau arrautza eta fruta, eta afaltzen berdina. Aizkolaria jabetu zen, baina, bere eguneroko dietarekin basoan zebilen bitartean enborrak lehenago ebakitzen zituela. Bere biloba Jose Mari Aranburuk –gaztetan aizkolari izandakoak– hala dio: "Arriya zaharrarekin topo egiten nuen bakoitzean, zera esaten zidan: 'Hire attitte badakik zergatik zen gehiago... jateko orduan ez zituelako guk egiten genituen astakeriak egiten. Hark bai asmatu!'". Eta beste biloba Joantxori entzun izan diot attitteren honako esaldia: "Gustura jaten den azak indar gehiago dik, gogo ezaz jaten den txuletak baino". Keixeta lehen kirol dietista ote? Kar, kar, kar... Hark lortutako kirol emaitzen zerrenda bukaezina da. Bakarrik datu bat: 31 apustu jokatu zituen, eta denak irabazi.
Eta garaikur bandera? Gaur egun Keixeta baserriko sarrerako gelan dago, eta ezkerreko goiko angeluan laukizuzen gorria, bi oihal zerrendarekin horizontalki zuria eta berdea. Aurten, ehun urte!