Izarraizpetik

Santioak eta Villafrancako karrera

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2025ko urr. 24a, 09:04

Sebastian Elorza txirrindulari azkoitiarra, Ordizian 1962ko garailea. (Utzitakoa)

Luis Gurrutxagak iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Baditugu gure memorian iltzatuta gelditzen diren egunak, atsegin osoz eta sarri nostalgia apurrez gogoratzen ditugunak. Ume-umetatik ditut tinkatuta, uztaileko bi egun hauek: Santio bezpera eta eguna.

Santio bezperan bazuen Nuarbek ospakizun berezia. San Joan egunez etxe sarrerako atean jartzen ziren lizar adarrak Santio bezperan bildu eta ilunabarrean herriko plazan erretzen ziren. Neska-mutilek, berriz, goizean goiz orgatxoa hartuta erreka bazterretako sastrakak eta abarrak bildu ohi zituzten, iluntzean lizarrekin batera erre eta su handiagoa egiteko. Ohitura haren jatorria edo azalpena ezezaguna dugu. Euskal etnografian aditua den Juan Garmendia Larrañagari galdetu nion, baina hark arrotza zuen gaia; ahalegindu arren, ez zuen aztarnarik atera. Misterioa benetan. Ohitura asko bezala, tamalez hura ere galdu zen duela hamarkada batzuk.

Ume-umetatik bizi izan dut Ordiziako –Villafrancako– txirrindularitza proba ere. Gogoan dut, nik 7 urte nituenean, Sebastian Elortza azkoitiarrak irabazi zuela proba. Ihes eginda zihoala jakinaren gainean ziren ikusleak, eta harrera burrunbatsuak lagundu zion Nuarbeko kalea zeharkatzerakoan. Frantziako Tourra aurretik bukatzen bazen, bertan parte hartutako txirrindulariak gure etxe aurrean pasatzen ikusteak ikaragarrizko zirrara sortzen zigun. Esaterako, hiru itzuli handiak irabazitako Felice Gimondi italiarrak 1973an parte hartu zuen lehen aldiz Ordiziako proban; garaiko kronikek diote zazpi zulatu izan zituela, 23. postua lortuz. Euskal zaleengandik jasotako berotasunarekin txundituta, hurrengo urtean ere itzuli egin zen Gimondi, bosgarren postua lortuz. 

Ibaieder osoak, Landetatik Mandubiraino, errepidera irten ohi zuen egun hartan. Gainera, hainbat urtez bi aldiz igaro ziren probako txirrindulariak bailaratik. Festa erraldoia zen hura. 80ko eta 90eko hamarkadetan ohikoa bihurtu genuen, Korea iturri ondoan, Mandubiko gailurretik gertu, probaren egunean errepide bazterrean otordu erdi herrikoia antolatzea. Zer-nolako feeling jatorra sortzen zen otordu kideen eta, batik bat, lasterketan oso atzeratuta zetozenen artean. Gogoan dut, besteak beste, Txomin Perurena handiaren pasadizoa. Urte hartan lehiatzeari uztear zen eta lasai ederrean zihoan lasterketan, guk: "Peru, sagardo trago bat...". Eta hark onartu, edan, eta ondoren guri: "Orain bai, orain hobeto". Eta martxa.  

Baina gauzak aldatu egiten dira eta oroimenean ilunduta gelditu da Ordiziako proba. Aurrena Nuarben etxe aurretik igarotzen zen. 80ko hamarkadaren bukaeran, urtegiaren kariz egindako saihesbidetik bideratzen zuten ibilbidea, Nuarbe auzoko kalea zokoratuz. Normala. Eta eztena 2007an hartu zuen. Antolatzaileek zeharo aldatu zuten probaren ibilbidea, Goierriren eta Tolosaldearen artean zirkuitua antolatuz. Akabo Ibaiederkoentzat hainbeste urtetan hain kutuna bihurtu zen eguna. Nolabait esateko 'umezurtz' gelditu zen ibarra.

Txirrindularitza probaz haratago, Santio aurreko egunetan eta ondorengoetan orokortutako eta sendotutako euforia barreiatzen zen gure gizartean. Alde batetik, poltsa bero jjendeak, "dieziotxo julioko"" aparteko ordainsariari esker. Eta bestetik, urteko oporren bezpera, normalean abuztua izan ohi zelako langile gehientsuenentzat oporretako hilabetea. A! Eta saninazioak eta nonahi festa ugari ate joka. Koktail perfektua alaitasuna kutsatzeko.

Beno, baina ez gaitzala nostalgiak irentsi, egun ere aukera baitugu festaz gozatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide