Izarraizpetik

Behin batean... Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2025eko abenduaren 13a

Harri-zulatzaileak 1920an, Tolosan. (Euskonews)

Luis Gurrutxagak azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Orain kontatzera natorren historia XX. mende hasierakoa da, beraz, aspaldikoa. Lagun batek jarri ninduen peskizan, eta nik heldu gaiari.

Vicente Blasco Ibañez (1867-1928) idazle, kazetari eta errepublikar politikari valentziarrak idatzitako El intruso liburuan oinarritutako gertaera dakart. Hain zuzen, Azpeitiko plazan bi harri-zulatzaileren artean jokatutako apustuaren kontaketa laburtua. XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran harri-zulatzaileen arteko demek ikaragarrizko jendetzak biltzen zituzten. Gipuzkoar batek Enkarterriko (Bizkaia) Zierbenako Txikitori –garaiko harri-zulatzaile famatuena– botatako erronkan dago istorioaren muina. Bizkaitarrek harropuzkeriaz hartu zuten desafioa, eta prest milaka duro jokatzeko: "Nola ba lurretik bizi diren baserritar koitaduen aurka galdu? Enkarterriarrak gutxiago, trauskil eta ezjakin haiek baino…?".

Abuztuko Euskal Festan jokatu zuten apustua. Txikito bezperatik etorri zen Azpeitira, lo egin eta prestuago egoteko probarako. Harekin etorri zen meategiko jauntxoa, kontratista eta meatzarien sendagilea zena: Luis Aresti. Preseski, Blasco idazlea medikuaren testigantzaz baliatzen da narrazioa kontatzeko. Igande hartan, goizetik trumilka etorri ziren meatzari bizkaitarrak. Auskalo nola begiratzen zieten bertakoek, kontratista eta jauntxo harroei, txapel dotoreak, urrezko kate lodiak eta eraztun galantak arrandiaka zirelako. Arestiri hemengo gizonen aurpegiek San Inazioren bisajea gogorarazten zioten: aurpegiera gogorrekoak, zirkinik gabekoak eta hoztasun irmokoak. Emakumeak, berriz, bizkaitarrak baino lodikoteagokoak ziren, haren arabera. Etxeetako ate denetan Jesusen Bihotzaren irudi handiak. Goiza aurrera, idi demen proba bukatutakoan, jendea biltzen hasi zen. Aresti arretaz gelditu zen begira taberna inguru batera, balkoietatik nola ari ziren bi bertsolari etengabeko jardunean, txundituta medikua, elkarri zein agudo erantzuten zioten ikusita. Arratsaldean ziren eguneko bi ikuskizun interesgarrienak: aizkolarien saioa eta harri-zulatzaileen apustua.

Aizkolariek lana bukatutakoan, plaza erdian bi harritzar kokatu zituzten. Jendea isilik. Danbolin-jotzaileen erredobleak entzun eta bi harri-zulatzaileak plaza erdira atera ziren, jendetzak urrats bat aurrera, ia soka-hesia eteteraino. Harri-zulatzaileen borroka epikoa hastear zegoen.

Gipuzkoarra masail handiko gizaseme puska zen, eta lotsatia jendearen aurrean. Txikito, aldiz, harroputz agertu zen palanka sorbaldan zuela. Lanaren iraupena bi ordukoa, eta zuloak lehenik bukatzen edo gehien zulatzen zituena garaile. Bi laguntzaile alboan zituztela, epaileak bale eman zienean, ikaragarrizko eztanda sortu zen jendearen oihuengatik. Gero, isiltasuna. Bakarrik galtzairuen kolpe hotsak eta laguntzaileen "haup, haup"-ak. Meatzaria, hasiera oldarrekoa, bortitzekoa eta azkarrekoa; hemengoa, nekaezina eta indar iraunkorrekoa. Zezen-gizona, idi-gizonaren aurrean. Ordubete igaro zenean, Txikitoren abantaila zulo batekoa zen. Bilbotar meatzariak pozik gainezka, duro bat pezeta bati eskainiz. Baina…ai, ai, ai, idazleak kontatzen duenez, bigarren orduan… hondamendia bizkaitarrentzat. Txikito gero eta sarriago geldiuneak eginez, eta gipuzkoarra makal baino sendo, inoiz atseden hartzeke, hasi bezala bukatuz, garaile gertatu zen. Bertakoen zoramena kontaezina zen. Bizkaitarrak 80.000 duro galduta, euren mutilari irainak botaz, tabernan utzi zuten negarrez eta bakarrik, ziztu bizian desagertuz Azpeititik. Txikitoren egoeraz errukituta, aurkariek giza legez kontsolatu eta eurekin eraman zuten tragoak hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide