Hamarkada batzuk atzera eginda, auzo edo baserri giroko aisialdietako erreferentzia nagusiak erromeriak izan ziren. Ermita eremuetan, baserri inguruetan, bidegurutzeetan, muino edo zelai aproposetan, tabernen edo benten babesera, igande arratsaldeetan galdu ezinezko hitzordua bihurtu zen erromeria. Ez dezagun ahantzi, asteko sei egunetan, larunbat arratsaldean barne, lana egiten zela, eta igande arratsaldeak –goiza elizkizunetarako– bakarrik zirela festarako.
Eskualdean erromeria leku asko izan dira, gogoratuenetako bat Loretokoa da. Bitxia da gero, Nuarbeko kaletik urrunenekoa den baserrian antolatzea erromeria. Joxepa Gurrutxagak, 11 anai-arrebetako loretoarrak, eta haren senar Joxemai Aranburuk kontatu dizkidate hainbat pasadizo. "Beno, auzoko gazteak, aingerak eta amuarrainak arrantzatu eta baserrira joaten ohi hituan, gure amak haiek prestatu eta jateko. Bahuan urrestildar bat ia astero joaten zena mamia jatera...", esan du Joxepak. Beraz, erromeriaz gain, Loreto baserriak bazuen garaiko benten kutsua. Loreto gainak duen xarma azpimarratzekoa da. 596 metroko altueran dagoen mendilerro gainetik bistaratzen den panorama aparta da. Iparraldera bista zuzendu eta Izarraitz maiestuoso; eguraldi garbia lagun izanez gero, itsasoa ere soma daiteke. Mendebaldera, Oñatz eta inguruak. Hego-mendebaldera, eskualdeko beste mendi ikonoa: Izazpi. Eta ekialdera, besteak beste, Garrazgain mendia, Beizama herriaren zaindari.
Kaleko iturri ondoan biltzen ziren Miel Aizpuru Mendibil soinu jotzailea eta kuadrilla, eta handik abiatzen ziren Loretora, ia ordubeteko bidea egitera. "Hi Miel, ekarri soinua. Ez duk komeni hi nekatuta iristea", eta borondatetsu Urazaindiko Juanek hartzen zion soinua. Festa giroan biltzen zen jendetza apartekoa zen; Urrestillatik hasi eta Izazpi magalera arteko Aratzerreka eta Eizagirre auzokoentzat igandeetako zita hura galdu ezina bihurtu zen. Mendibilez aparte, Korostortzu baserriaren inguruan, Bildotsolako Pildainek bere soinuaz alegratzen zuen ingurua. Eta dantzarako abilezia gutxikoek Loreto gainaldean zegoen bolalekuan zentimo batzuk jokatzeko aukera zuten.
Arratsaldeko une majikoena, ordea, ilunabarrarekin izaten zen: neska laguntzaren ordua. Joxepak irriz kontatzen du, nola ahizpa eta biak txutxumutxuka egoten ziren neska-mutilen arteko konplizitatezko keinuak eta mugimenduak behatzen. Nor norekin eta zein norabidetan abiatzen ziren bikoteka, hirukoteka, laukoteka... Joxemaik zera dio horren harira, barrez: "Nik neuk ezagutzen dizkiat erromeria horri esker ezkontzera iritsitako hiruzpalau bikote!".
Baina, bizitzako ordena guztietan bezala, aisialdiko ohituretan ere aldaketak izaten dira, eta Loretoko erromeria, hain entzutetsua eta arrakastatsua izandakoa, historiara pasatu zen aspalditxo. Mila Alegria zen ohikoetakoa erromerian: "Zein gustura joaten ginen dantza egitera Loretora! Ez nikik esango zein urtetan-edo bukatu zen Loretoko erromeria. Gero, jai arratsaldeetan Azpeitira hasi ginen dantzara joaten, bizikletaz edo Arditxoko kamioian. Badakik zer dion esaera zahar batek? Nun da festie..., han da nere hankie".
Aipatu Loretoko beste ohiko protagonista: Maria Arzallus. Argazkigintza zuen pasioa eta inguruko gertaeretan, erromerietan barne, present izan ohi zen kamerarekin. Hark ateratako argazkiei esker, garaiko testigantza grafikoa daukagu. Altxor paregabea guretzat. Beraz, oroimenean, aitortza eta esker ona, Pagola-Etxeberriko Mariari.