Izarraizpetik

Morrontzak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2026ko apirilaren 11

(Argazkia: A.Z., Uztapideren 'Sasoia joan da gero' liburutik)

Luis Gurrutxagak martxoko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Sorbaldan zama puska bat dugunok ezagutu izan ditugu askotariko morroiak, baina denak helburu berarekin: egunero ahora eramateko jana bermatzea. Morrontzaz hitz egiterakoan, batik bat gerra ondorengo aldi larriari eta ilunari erreparatzen diot. Familia gehienek nozitu izan zuten miseria, baina, agian, goseak kaletarrari gehiago eragin izan zion. "Pobreak bai, baina gure baserrian ardoa, patata edo baba urte guztian ez huan falta", esaten zidan baserriko lagunak. Arrunta zen kaleko ume askoko familietakoak –adin txikiko haurrak izan arren– baserrira bidaltzea, tripa-truk hango lanetan laguntzearren. Beste kasu batzuetan, baserriko senar-emazteak familiarik ez, eta balizko semearen oinordetza betetzen zuten gaztetxoak joan ohi ziren morroi. Horietako hiruzpalau morrontza kasu ezagutzen ditut, gero baserriko jabe bihurtutakoak. Udako oporretan ere, nahiko ohikoa izaten zen eskola umeak edota nerabetxoak behin-behineko morrontzara joatea, batik bat ahaideak zituzten baserrietara. Horregatik guztiagatik, nahiz eta gaur krisi sakonean egon, benetan azpimarratzekoa da euskal baserriak izan duen garrantzia gure gizartearen gainexistentzian.

Beno, eta morrontza gisa ere har daiteke erlijio seminarioetara joaten ziren hainbat neraberena. Oroimenean dut gure etxepeko 14-16 urte bitarteko lau gaztetxok Nafarroako bi ikastetxe erlijiosotan jasandako esperientzia gordina, gogorra ez esatearren. Egoitza eta ikasketak ordaintzeko modua zuten batzuk ikastera joaten ziren, eta beste batzuk, aldiz, morrontza lanetara, hamabi ordu eta gehiagoko lan orduak pairatuz, sukaldean edo beste hamaika zereginetan.

Ezagutu izan ditugu batetik bestera ibiltzen ziren eskaleak, eta gehienetan behin-behineko morrontzan aritzen zirenak. Askok alfer fama zuten, eta sumatzen bazuten lan neketsua edo astuna zetorkiela... "Sentitzen dut, baina halako baserrian zain dauzkat" esan, eta hanka!

Beste batzuk, eskaleak izateke baina sustrai gutxiko edo desegituratutako familietako kide zirenak, baserriz baserri ibiltzen ziren. Haietako bat, Okorro deitzen ziotena, ezagutu zuen Koroztortzuko Josemanuelek. "Matxinbentako hiru baserritako morrontzan ibiltzen huan normalean. Aldi baterako etortzen huan, eta gero, beste bailarako baserrietara joaten. Indartsua eta gogorra lanean, ziurrena bera izango huen gure aldean azken ikatz txondorra egin zuena. Errekasto baten ondoan hilik topatu omen ziaten. Gizarajoa!", dio, atsekabez, Josemanuelek. 

Eta zer esan morroien eta nagusien arteko harremanez? Zalantzarik ez, jendartean morrontza azken eskalan kokatzen zen. Agindu nagusiak, obeditu morroiak. Jabearen esanetara beti. Dena den, beste gizarteko ordenetan bezalatsu, denetik egoten zen: etxeko bezala tratatzen zituztenak, baita ia esklabuaren tratua nozitzen zutenak ere. Horren harira, lagun batek kontatu zidan gure inguruko baserri batean gertatutakoaren lekuko izan zela: morroiak otorduak lurrean jaten zituela eta ez mahaian etxekoekin batera, eta ogia behar zuenean lurrera botatzen ziotela. Onartezina da, baina, tamalez, garai haietan gertatzen ziren jokabideak. Festa egunak, berriz, urtean zehar bizpahiru egun izango zituzten morrontzan aritzen zirenek. Zestoan hilero azken ostegunean ospatzen zen feria eta otsailekoari morroi periye deitzen zioten; agian, aukeran egun hori bakarrik izango zutelako ferira joateko. Ohikoa zen baserrietan sagardoa egitea, bada kaskarra irteten bazen: "Zer moduzkue aurtengue?". Eta erantzuna "Morroi sardue!". Esanguratsua, ezta?.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide