Izarraizpetik

Z-Z

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2026ko ekainaren 25a

Urolako Trena, atzean Izarraitz duela. (Sabino Legarda-EreƱo)

Luis Gurrutxagak maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aurten 100 urte betetzen omen dituk Zumarragatik Zumaiara abian jarria izan hintzela, eta urtemuga hori aitzakiatzat hartuz, bada, pentsatu diat nire hirekiko bizipenak edo eskarmentuak nolakoak izan diren azaltzea.

Lehen oroimena ume-umetakoa duk. Gure ama hondartzan bainuak hartzeko zaletua huan, iraileko bederaratziurrena betetzen saiatzen zena, onuragarriak zirelakoan gure osasunarentzat. Zumaiatik joan-etorriak, noski, hirekin izan ohi hituan. Lehen bidaietan txundituta eta zurrun joan ohi ninduan, leihotik begira, tarteka-marteka trenaren txistu sarkorrak "esnatzen" ninduen arte. Niretzat guztiz esperientzia berria huan.

Geroxeago, nerabe ginela, jai arratsaldeetan Arroako La Cabañara kuadrillan joaten hasi ginenean, asteko unerik dibertigarriena eta gozoena izan ohi huan, batik bat zorte onez neskatoekin hitz jarioan konplizitate samurrean murgiltzeko aukera bagenuen; eta areago, etorreran musuren bat "erortzen" bazen tunelaren erdi iluntasuna –edo osoa– probestuz (kar, kar, kar). 

Garai bertsuan, Azpeitian oraindik Oinarrizko Batxilergoa egiterik ez zegoenean, zestoar, azpeitiar eta azkoitiar ikasle multzoak hire zurezko jarlekuetan eguneroko triki-trakan egin ohi genian Urretxutik joan-etorria. Zer-nolako burdin hotsa ateratzen huen, batik bat goitik beherakoan. Hi, eta zenbat tunel zeharkatzen Aginaga eta Azkoitia artean! Eta nolako hozkirria sentitzen genuen tunel sarreretan leihotik buru osoa kanporatzen genuenean! Badakik, hori gaur egitea ezinezkoa, zeren egun, hermetikoki itxita zeudek leihoak trenetan zein autobusetan... Gogoan diat, nola ez, azkenetako bidaia. Irakasle gisa, beste birekin eta ehunen bat ikaslerekin Azpeititik Iraetaraino joan gintuan, han inguruan txangoa egiteko asmoz. Hire etorkizunaz zurrumurruak hasiak hituan; eta batetik, agian egon zitekeenez ikasleren bat hirekin ibili gabekoa; eta bestetik, zeharo gustukoa zutenez ikasleek trenean ibiltzea, bada armonia onean egun borobila igaro genian.

Baina hirekin bizi izan nituen sentipenez aparte, hire eguneroko barne funtzionamenduko kontuez jakiteko pare-pareko aukera izan nian. Izan ere, anaia nagusia langabezian geratu zenean, konpainiako langile bihurtu huan. Atsegin zian lana, baina batzuetan aurpegi zimurrarekin etorri ohi huan: matxuragatik atzerapenak nozitzeagatik, bidaiari inozoren bat txartelik gabe harrapatu zuelako, edo elkarri laineza emanez, kuadrillaren bat oldartu zitzaiolako bidaia garaian.

Baina abian hasi eta justu 60 urtera, hire bizitza... kaput! Agintarien artean eztabaidak egon omen hituan, baina aurretik hi "hiltzen" uzten hasiak zeudean, urte guzti haietan inbertsiorik edo berrikuntzarik ez baitzuten egin. Eta aurten, 100. urtebetetzean, hitaz gogoratzea ezinbestekoa huan. Hi, eta ez haiz kexatuko, e? Azpeitiarren urteko gau ikusgarrienean eta magikoenean, San Sebastian bezperako danborradan, errege bihurtua izan hintzen. Hiri eskainitako karroza dotorea kalera atera bezperan, azkenetako makinista izan zen Ferminek, jantzi bereizgarríarekin, txapela gorriarekin eta eskuan farolarekin, helduen danborradan desfilatu zian. Ezusteko agerpen horrek irribarre goxoa lorarazi zian hiri, eta ziurrenik bati baino gehiagori malkoren bat isuriarazi ere bai. 

Bukatzeko, Z-Z, Ferminek azkoitiar emakume bidaiari bati jasotako pasadizoa kontatuko diat. Donostian Vasco-an igo eta Zumaian tren aldaketa egin eta bere jarlekuan eseri zenean, barru-barrutik aitortu omen zian hark: "Orain bai, orain, etxean sentitzen naiz!". Izan ere, zalantzarik ez, geure-geurea izan haiz eta haiz, Z-Z! •

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide