Lagun baten kotxean sartzean ezin da jakin (edo bai) zerk goxatuko edo zulatuko dituen gure belarriak. Topa gaitezke Fitorekin, Katamalorekin, Gente de Zonarekin, Ruperrekin, Shakirarekin, Fridays Crew-rekin edo Gaztearekin. Nik, goiz hartan, Glaukomaren Gure kaiola abestiarekin egin nuen topo. Han etorri ginen autoan gindoazenok "ze guapo zauden" eta "ze guapa zauden" behin eta berriz errepikatzen.
Kantuaren letrak zenbat gauza esaten dituen ezin da jaso aurreneko entzunaldian, ezta bigarrengoan ere. Entzuten den aldiro topa daiteke esaldi berriren bat, salaketaz eta aldarriz betetakoa. Horregatik gustatu zitzaidan abestia, eta jarri nuen sare sozialetan eta mugikorrean eta etxean eta kotxean eta...eskatu nuen tabernan. Tabernan eskatu nuen eta esan zidan zerbitzari batek kantua izorratu zutela Gaztea irratian, egunean 1.000 aldiz jartzen zutela-eta. Erabat ados nengoela esan nion, baina kantua jarri eta ozen kantatu genuen biok, emozio guztiarekin; a tope!
Atzo, bideoklipa Gaztearen webgunean ikusi nuenean, ez nuen ahaztu tabernariarekin ados nagoela. Eta galdetu nion nire buruari ea "ze guapo zauden" eta "ze guapa zauden" baina haragoko mezuak jaso ote dituzten abestia irratian 1.000 aldiz entzun dutenek.
Baina, tira, ze guap@ gauden gustuko abestiak nahi bezala abesten ditugunean.