Protestak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2020ko abe. 27a, 16:30

Maialen Etxanizek 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zaila da iritzia garatzea eta ematea, eta kontrakoa dioenaren argudioa zalantzan jarriko nuke. Niretzako iritzia emateak hainbat gauza eskatzen du: lehenik, iritzi hori garatzea, eta ondoren beste guztia. Iritzia emateak eskatzen du esaten duzunaren gaineko ardura guztia izatea. Hau da, diozuna arrazoitzeko elementu guzti-guztiak edukitzea, ausardia barne. Iritzia emateak eskatzen du ikasteko gaitasuna eta kritikarako gaitasuna, eta eskatzen du kritikak onartzen jakitea, baita garatu gabeko kritikei erantzuten jakitea ere. Kasu honetan, sintesirako gaitasuna ere eskatzen du. Uste dut herri honetan iritzi asko eman eta gutxi garatzen direla. Oraingoan niri tokatu zait orri zuri honetan nire iritzia partekatzea, eta hasterako diot: hiru edo lau orri zuri beharko nituzke iritzia nahi bezala garatzeko. Beraz, hasterako diot: ez espero ezer datozen lerroetatik.

2020ko abendua da, eta herriko kaleek ozen diote: "Hoi urte pu...". Azken hilabeteotan sekula imajinatuko ez genituzkeenak ikusi eta bizi izan ditugu, baina ez naiz hasiko urteko kronika egiten, horretarako aldizkari osoa beharko nuke eta. Dena den, urteak utzi dituen zenbait printzari erreparatuko diot. Izan ere, pandemia hasi zenetik gaur arte protestan aritu gara etengabe, haserreak jota bizi dugulako gertatzen ari dena. Marmarrean ibili gara etxean giltzapetu gintuztelako, maskarak janztera derrigortu gintuztelako, isunak jarri dizkigutelako, lagunak ikusi gabe egon garelako, osasun sistemaren gabeziak azaleratu eta berdin jarraitzen dutelako, tabernak itxi dituztelako... Baina jakinekoa da protestan aritzea eta protesta egitea ez direla gauza bera.

Aurten, iragan urteetan bezala, haserre ugari piztu eta protesta asko egin dira. Inork gutxik oroituko ditu, ordea. Nork oroituko du poliziek afoamerikar bat hil zutela AEBetako Minneapolis hirian eta protestetan polizia etxe bati su eman ziotela; Atenasko kaleak jendez bete zirela Egunsenti Urrekararen kontrako epaiketa tarteko. Gerra piztu da Mendebaldeko Saharan, etxe kaleratzeak izan dira, pentsiodunen borrokak, ikasleenak, EHUko garbitzaileenak, egoitzetako langileenak... Urteak utzi dituen irudien artean protestetako ugari daude.

Inork gutxik gogoratuko du "beltzak eta zuriak ezberdin balio duen xake taulan pieza hutsak" garela. Horrela zioen Errime taldearen Miseriak abestiak. "Estrategi honek xake taula bera lehertuko duela konturatu gabe, gure zilborretara begira gaude". Urtea amaitzear den honetan, badut gustatzen ez zaidan irudipen bat: jendea nekatuta dago, eta soinean daraman nekea ez da edonolakoa. Azken hilabete hauek asko pisatzen dute, geroz eta gehiago. Cansancio sordomudo zioen Federico Garcia Lorcak, eta kezkatzen nau gurera iritsi dena ere horrelakoa izateak, neke gormutua. Niri ere "eman dizkidate sokak, nire burua lotzekoak", "eta oraindik ez da bukatu, guda honek nau zeharkatu". J Martina musika taldearen Beste zerbait kantuko hitzak dira horiek, eta neure-neureak balira bezala sentitzen ditut. Izan ere, nik ere "badaukat beste zerbait, argitzen dit gogoa, zorroztu ere bai". Horregatik, ez dut nahi neke gormuturik. Ez dira isilik eta geldirik egoteko garaiak.

"Nolako garaia ote da bizi dugun hau, gauza jakinak ere defendatu egin behar badira...". Bertolt Brecht

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide