Zenbait filmek badute ikusleengan sentipenak astintzeko gaitasuna, besteak beste, lantzen duten gertakariagatik, istorioa kokatzen den testuinguruagatik, kontakizuna egiteko moduagatik, ematen den mezuagatik edota erabiltzen den musikagatik. Irudiaren ederrak ere badu eragina ikuslearengan. Badaude koadro eta argazki zoragarriz betetako filmak, bikaintasunez jantzitako planoak; hainbat datorzkit burura, baina ez da El 47 filmaren kasua. Irudi zoragarrien faltan, ordea, polita da ikuslearen begietara; polita bezain hunkigarria, akaso, eta lortu du jendearen atxikimendua. El 47 filmean kontatzen den istorioak egiten du berezi ikus-entzunezkoa.
Francoren erregimenaren errepresiotik ihesi, Andaluziatik nahiz Extremaduratik migratu behar izan zutenen istorioa du abiapuntu, eta langile auzo bateko bizilagunen borrokak kontatzen ditu, ur handitan sartu gabe –despolitizazioa leporatu diete hainbat kritikek–. Oinarrizko bizi baldintzen alde antolatzen den auzo baten bizipenak jasotzen dira, miseria eta poz, ahalegin eta ezin: urik eta argirik ez daukanaren inpotentzia, erakundeek baztertutako jendearen amorrua, amore ematen ez duenaren indarra, lanpostuan bizirauten duenaren nekea, laguntzeko prestutasuna, etxebizitzarako, hezkuntzarako eta zerbitzu publikoetarako sarbidea, borrokan ari denaren aurkako jazarpena.
Filmek ikusleen sentipenak astintzeko duten gaitasuna ez litzateke bera izango zuzendariek gertakariak janzteko musikarik erabiliko ez balute. Valeria Castroren El borde del mundo abestiak jantzi du filma eta Gallo negro, gallo rojo abestiaren doinuek eta mezuek borobiltzen dute El 47, eder eta xume. Zalantzarik baldin bazenuten, ni gallo rojo-aren aldekoa naiz, eta haren alde egiten dut apustu. Horregatik harritzen nau El 47-k ikusleen artean eragin duen atxikimenduak eta sentipenak; izan ere, gaurkotasun handia du filmak. Giza Eskubideen Europako Komiteak Espainiako Estatua zigortu berri du Madrilgo Cañada Realean giza eskubideak urratzeagatik.
Gallo negro-aren hedapen betean iritsi da aurtengo Martxoaren 8a. Idea matxisten eta erreakzionarioen gorakada nabarmena izaten ari da, matxismoaren beraren existentzia ukatzeraino. Gure herrian iaz jazo ziren erasoen kopurua beldurgarria da. Nazkagarria da Erdikalean jendeari iruzkin arrazistak entzutea. Pegatina faxistak ikusi ahal izan dira herriko hainbat txokotan. Emakumeok borroka honetan ere lehen lerroan egon behar dugu. Martxoaren 8a ez dadila ospakizunerako egun soila izan. Nik badakit zein doinu eta mezu jarriko diodan M8ari: "Guztien miseriaren amorrua daramat, merezi dugun mundu bat ekar dezala biharrak".