Korapiloa

Mareak eta itsasargiak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2026ko urtarrilaren 8a

(Argazkia: Pixabay)

Maialen Etxanizek 2025eko abenduko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aingura hegodunak proposatu zituen behin batek, jaustean, amets berriei helduz gorantz erori ahal izateko, arrainak hiltzean urazaleratzen diren gisan. Ametsak ziren hegodun zamarik astunenak. 

Itsasoa harro dago, eta arrainak galduta dabiltza ur gazitan. Gehienak bakarka doaz korronte isilari jarraiki, esfortzu handirik egin gabe inertziaren itsas korridorean; lasai, ur gazitan igeri egiten ikasita. 

Korronte gogorragoa hartu dute beste batzuek. Alde batetik bestera dabiltza, kolperik kolpe, baina bizkor, ur gezaren bila; taldean. 

Portuak ere badira. Batzuk ia-ia betirako dira, gurasoena, kasu. Abenturatik itzultzean, beharra edukitzean, hor egongo dena, barkua amarratzeko zain, haizea alde edo kontra egonda ere, txalupa kaian hartzeko gogoz. Kide maiteena ere tankerakoa da, txikia bezain egonkorra. Ikusteko ahalegina eskatzen du, baina hor dago beti. Kontrara, agertzen eta desagertzen diren geralekuak existitzen dira. Sasi-harremanak hartzen dituztenak dira horiek. Gaur badaude, baina bihar, agian, ez. Portu horietan ez dago aingurarik, ez arinik, ez astunik, behar duzunean helduko zaituenik. 

Urak handi badatoz, mareengatik da. Askotarikoak dira, eta batzuek indar handia daukate. Marea biziek itsasoa astintzen dute, eta aldaketak eragiten dituzte bazter guztietan; ibaiertz orotan. Zakar jotzen dute batzuek, gorrotoz, atzeraldiak eraginez itsas korridoreetan, barkuak hondoratzeraino. Korronte berriak irekitzeko eratzen dira beste marea batzuk, atzera ordez aurrera egin ahal izateko ahaleginean. Izan ere, itsasoa aldatzen ari da, eta bertan nabigatzeko eta igeri egiteko formak birpentsatu beharra dago. Nola ur gazitan, hala ur gezatan dabiltzan arrainek nabaritu dute aldaketa. 

Batek esan gisan, portuak eta aingurak lagungarriak dira aurrera egin ahal izateko. Mareak beharrezkoak dira indarraldiak eragiteko, baina itsasargiak ezinbestekoak dira zein bide hartu jakiteko. Mundua sutan badago eta urak geldirik badaude, ezinbestekoak izango dira mareak ur bareak astintzeko, eta ezinbestekoak izango dira itsasargi berriak marea bizien indarrez nora jo ikusteko. 

Itsasaldi zakar eta beltzak badatoz, itsasargi berriak eraiki beharko dira portu zaharretan, datorrenari nondik eta nola aurre egin argitzeko. Amets berriak piztu beharko dira, gorantz egiten jarraitzeko. 

Urte zaharrari agurra, berriari egurra. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide