Korapiloa

Munstroak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2026ko ekainaren 13a

Haurrak Antonio Gramsciren horma irudi bati begira. (Archivo Marxista)

Maialen Etxanizek maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Gaueko bederatzietan etxera iristen denari ez eskatu Gramsciren Kartzelako koadernoak irakurtzeko". Hori esan du duela gutxi oihartzun mediatiko handia daukan pertsonaje batek. Ez omen da fetitxismoaz eta merkantziaz hitz egiteko garaia. Eslogan laburren eta ulerterrazen unea omen da. Rufian dixit. Hasi da hauteskundeetarako atzera kontaketa, baita etxe atariko bozena ere. Urtebete barru izango dira udal hauteskundeak Hego Euskal Herrian, baita Espainiako hauteskunde orokorrak ere. Kanpaina ofizialaren atariko kanpainan esan du Rufianek nahiago duela TikTok-a bete, liburutegiak bete baino. 

Azpeiti zulotik begirada altxatzea kostatzen zaionak nahiago du etxe atariko gatazketara mugatu, nahiz eta horien aurrean ezikusiarena egin. Urruti ikusten du eztabaida politikoa, zer esanik ez Europa, eta nagia sortzen dio geopolitikak, baina derrepente asko kezkatzen du euskarak eta haren haurren gelan etorkin asko egoteak, eta Free Palestine dio. Profil horretako herritarrak matx egingo du Rufianek esandakoarekin, eta jarraituko du TikTok-ean.

Denbora dezente daramat sare sozial garaikideen interbentzio kulturalaz hausnartzen. Jendearen egunerokoa arinkeriaz betetzeko gaitasun nabarmenaz gain, komunikatzeko lengoaia eta gorputz adierazpen berriak, erritmo bizkorrak eta estimuluz betetako edukiak normalizatu dituzte. Norbanako, eragile, hedabide, alderdi politiko, enpresa, hezigune eta bestelakoen komunikazio eta marketin estrategietan eragina izan dute, horien egunerokotasunean pisu handia hartu eta denbora asko eskaintzeraino. Molde berrietara egokitzeak ezinbestekoa dirudien garaiotan, muturrerainokoa da eduki efimeroak gailentzen diren euskarrietan nabarmentzeko autoexigentzia maila, eta gero eta gehiago baldintzatzen du formak edukia. Plataformetan egotearen oso aldekoa naiz, jakinekoa baita interbentzio gaitasun ikaragarria dutela. Baina egindako gogoetak aletzen nabil oraindik, ez baita arinkeriaz hartzeko gai bat. Ertz askoko gogoetan nabilela entzun dut politikari kataluniarra edukiz hustutako esloganak aldarrikatzen aspaldiko garairik polarizatuenean. Liburutegiak eta sare sozialak parekatzea aberrazio bat da zentzu askotan, eta sare sozialetan egotea garrantzitsua den arren, liburutegiak betetzea ere premiazkoa da. Garai nahasi hauek ulertzeko arinkerian aritzea ez baita nahikoa, eta gertatzen ari dena modu pausatuan aztertzea beharrezkoa da.

Bada, hegemonia kulturalaz egindako ekarpenez gain, honakoa zioen Gramscik kartzelako koadernoetan: "Mundu zaharra hiltzen ari da; berria jaiotzeko dago, eta argi-ilun horretan sortzen dira munstroak".  Hedatzen ari zen faxismoari eta haren aurrean jaiotzeko zegoenari idatzitako hitzok ezin dira garaikideagoak izan, eta esaldi horrek jarri dio izenburua XXI. mendeko faxismoari buruzko erreportaje bati. Erreportajea ikusteko gonbidapena da hau. Izan ere, argi-ilun horretan gaude orain ere, eta munstroek gorputz eta forma asko dituzte dagoeneko. Munstroei aurre egiteko kontzientzia eta jakintza behar dira. Desnormalizatu dezagun jakin-minerako nagia.

[Artikulua idatzi eta egun gutxira jakin zen Meloniren Hezkuntza Ministerioak Gramsci eta Marx eskolako gaitegitik ezabatuko dituela]

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide