Ama Extremadurakoa dut, eta txikitan, ez nekien arren, pueblo-a neukan. Gure abuela Antoniaren eta haren ahizpa Isidraren herrira joaten ginen oporretan Azpeitiko ia familia guztia, abuztuan. Eliza zen herriaren erdigunea, nolabait, eta handik behera zegoen kalea zen karrika nagusia, aldapan egina. Elizatik gertu zegoen gure etxea, pisu bakarrekoa eta xume-xumea, zuri kolorekoa kanpotik eta adreiluz eta baldosaz jantzitakoa barrutik, gehienak bezala. Bi pisuko bizilekuak asko ziren, eta gutxi marmolezko atari politak zituztenak. Han ez zegoen diru askorik, eta zegoena batzuen patriketan pilatuko zen. Eliza etxe ondoan edukita, urtero arretaz begiratzen genituen kanpandorrean zikoinek egiten zituzten habiak, eta zikoinak ere bai, noski; gu baino bertakoagoak ziren arren, guretzako hiriko zoologikoan tigreak ikustea bezain zirraragarria zen haiek behatzea. Zikoinen gisan, paisaiaren parte ziren eguzkilorez betetako larreak eta tren geltoki zaharraren ondoko olibondoak. Han ez zegoen ibairik, baina bai txurroak erosteko postu bat. Gure abuela-renean handik erosten zen gosaria ia goizero. Denda txiki bat ere gogoratzen dut, baita bertakoek –eta gure gurasoek, noski– poteatzen zuten La Palmera taberna zaharra ere. Sekula ez nuen ulertu egiten zuen tenperaturarekin nola ateratzen zituzten pintxo beroak dastatzeko, nola bazkaltzen zituzten lapikoko jaki koipetsuak abuztuko egun beroetan. Pentsa, han ez zegoen arratsaldeko bostak arte igerilekura joaterik, bero sapa tarteko. Gauean, berriz, al fresco ateratzeko ohitura zegoen, ordura arte freskura gutxi izaten baitzen. Etxe aurrera aukiak atera, eta berriketan jardutea zen adinekoen eta ez hain helduen plan perfektua. Garai batean gure abuela-k bezala Euskal Herrira edo beste edozein lekutara migratu behar izan zutenek etxe atariko uneak probesten zituzten hango ezagunekin kontuak berritzeko, eztabaidatzeko eta txutxumutxuak kontatzeko; udako unerik kutunenetakoa zen haientzat.
Aurten argazki eder batekin egin dut topo, eta horrek eraman nau Extremadurara berriro. Gaur egun ezerk ez nau hara lotzen, gure aiton-amonak zendu baitziren, baita haien etxea desagertu ere, eta ama, dagoeneko, Azpeitikoagoa da Extremadurakoa baino. Nerabea nintzela egin genuen azken bisita herrira, eta dagoeneko gure etxea ez zen existitzen, eraikin txikia eta xumea zena etxe handi eta dotorea bihurtu baitzuten. Krak egin zigun bihotzak.
Aspaldiko partez, joan den udan dezente oroitu naiz amaren herriaz. Izan ere, hainbeste normalizatu da Bali, Thailandia, Filipinak, Japon, Dolomitak, Vietnam, Txina, Mexiko edo Kolonbia bisitatzea, leku horietako argazkiak ikusteaz nazkatu naiz. Espainiako eta, batez ere, jendez hustutako herri txikietako plazak ikusteko gogoa piztu zait. Aspaldiko argazkiak gaurkotuko nituzke, akaso kontzientziak edo nostalgiak bultzatuta, baina ez dut sustorik hartu nahi.
Susto galanta hartu nuen zenbait herritan al fresco ateratzea debekatu nahi dutela irakurri nuenean. Badakizue, espazio publikoaren erabileraren lege eta arau diziplinatzaileak. Langile herrietako eta auzoetako egiturak aldatzen ari dira turismoaren eta "gizartearen behar berrien" aitzakian, baina noizbait ekonomiaren garapenaren izenean kalearen erabilera debekatzen eta bertakoen ohitura kulturalak desagerrarazten badituzte, piztu dadila sua.