Urrestillako Kaletxiki eta Kaleaundi berrurbanizatzeko proiektua osatzen ari da Azpeitiko Udala. Bi kale horietako zorua ez ezik, besteak beste, ur hornidura sarearen azpiegiturak ere berritzeko asmoa duela aurreratu du erakundeak. Lanak hasteko hilabeteak pasatuko dira, baina kaleak hankaz gora izango ditugu epe labur-ertain-luzean –ikusiko–. Hobe beharrez izango delakoan...
Datozen lan horiek 1983ko beste haiek ekarri dizkidate gogora. Azpiegiturak berritzeko, ebakita, zulatuta eta erdibituta egon ziren kaleak hilabete luzez duela 40 urte. Herri ia osoa hankaz gora. Egiari zor, ezingo nuke zehaztu zenbat denbora iraun zuten lan haiek. Gu, garaiko ume mokoak, kalean irekitako zangetan lanean aritzen zirenekin txor-txorrean jarduten ginela gogoratzen dut; guztien izenak eta ezizenak ikasi genituen, eta ezizenik ez zutenak geuk 'bataiatu' ere bai. Ez zuten pazientzia txikia izan gurekin. Handik urteetara ere, langile haietako batek baino gehiagok agurtu egiten gintuzten kalean ikusitakoan. Behargin haiekin egin genuen harremanagatik dut irudipena lan haiek luze jo zutela.
Ez dakit ez lanak noiz hasi ziren, ez noiz bukatu ziren, baina 1983ko udan kaleak artean altxatuta zeudela oso-oso ondo akordatzen naiz. Izan ere, urte hartako abuztuaren 26aren goizaldean, gure etxea Urrestillako Kalebarrenetik Veneziara lekualdatu balitz bezala esnatu ginen, besteak beste, obrak tarteko etxetik gertuko pareta bat zulatuta zegoelako; atzean ibaia eta aurrean ibaia, kalean behera ibaia eta kalean gora ere ibaia. Venezia, ia ia; Venezia, baina gaizki. Zulatutako kaleak estali zituen urak, eta uholdeek eragindako herioak premia eta arin mugitzea eskatu arren, pausoak tentuz eta itsu eman behar, zuloren batean ez murgiltzeko. Sinberguentzako zubia urak hartu gabeko muinotxo bihurtuta, han eman genituen argitu arteko orduak gure etxeko lau ahizpok eta beste hainbatek. Gau hartako oroitzapenen artean, oraindik zirrara eragiten dit Basilio Urbistondorenak. Herriko harakina, azpiko elastiko zuri tirantedunarekin eta txapela buruan, 30 urte lehenago Zestoan beste uholde batek eraman zuen autobus hartatik bizirik nola libratu zen kontatzen; iraganeko tragedia beldurgarriaren akordua, uneko ezinak txiki uzteko.
Horrenbestez, eta ezinbestean, nire gogoan beti lotuta egon dira Urrestillako kaleetan orain arte ezagutu ditudan obrarik handienak eta uholde handienak. Ez dakit etortzeko dauden lanak ordukoak bezain sakonak izango diren. Halako uholdeak errepikatzeak ez dirudi erraza; ibaia 1983an halako bi bada, behintzat, zabaleran. Nahiago nuke duela 40 urteko lanen lekuko kaleak orbantzen dituzten tapakubo batzuk behintzat desagertuko balira. Ea bada.