Korapiloa

Txalo bero bat

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 12a, 08:00

(Argazkia: Gigxels/Pixabay)

Mailo Oiarzabalek otsaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Aizan, idatzi behar dun zerbait horretaz". Urtarrilaren 19tik 20ra igaro berritan, Sanagustinpean, helduen danborradako plazako emanaldia ikusten apenas baina gustura entzuten ari nintzela –San Sebastian bezperan jai, aspaldiko partez!–, betitik deigarri egin zaidan Azpeitiko edota azpeitiarren ezaugarri bat komentatu ondoren bota zidan proposamena ezagun batek. Eta "horretaz" hori da, zenbat kostatzen zaion jendeari txalo egitea; hobeto esanda, zeinen garestia den Azpeitian txalo zaparrada benetako eta sentitu bat entzutea/ematea/jasotzea.

Txaloa ez da poza, aitortza edo eskertza adierazteko keinu bakarra, noski. Baina San Sebastian gauerdira iritsita, hainbeste azpeitiarrek hainbatetan hunkigarria eta berezia dela aitortu duten une horretan, udaletxean bandera igo bitartean banda eta 1.600 danbor jotzaile –etxekoak, lagunak, lankideak... ba al dago danborradan gertuko inor ez duen norbait?– elkarrekin San Sebastian martxa jotzen entzun ondoren, ikusten/entzuten ari direnetatik hamarretik zortzi kieto gelditzea, edo egiten duten mugimendu bakarra txaloka hasten direnei begiratzeko lepoa jiratzea izatea, ez al da pixka bat... hotza? tristea? harrigarria? Ez nuke inor mindu nahi, ez dut esan nahi beraien emozioak txaloka adierazten dituztenen sentipenak kieto gelditzen diren horienak baino sakonagoak direnik, baina benetan diotsuet, hainbeste urte eta gero, oraindik ez naiz ohitu niri hoztasuna transmititzen didan jarrera horretara.

Garmendipeko aurrenetako oroitzapenak datorzkit gogora. Lagun Onaken zale fidelak, hamabostean behin hutsik egin gabe futbol zelaira joaten zirenak, epaileari senperrenak esateko ahotsa altxatzeko arazorik ez zutenak, baina zenbat kostatzen zitzaien etxeko jokalariak hauspotzea. Etxeko aurrelariak gola sartu, eta txaloka hasi? Pozez builaren bat bota? "Bahuen garaia!" esan, eta aurrera. Ez naiz ari esajeratzen, benetan. Aspaldiko urteetan oso egun jakinetan besterik ez naiz joan izan Garmendipera eta, beraz, ezin dut esan gauzak aldatu diren ala ez; baina urte luzez, kanpoko taldeko jarraitzaile multzo txiki bat zelaira sartzea nahikoa izaten zen, etxean haiek ari zirela emateko. Lagunak egiten ari naizenik ezin esan, e; baina gai hau aukeratuta, ezin nuen esan gabe utzi.

Eta lasterketetan, eta kontzertuetan, eta umeen ekitaldietan... Ez, danborradakoa edo Garmendipekoa ez dira jarrera bakanak. Izateko, jendaurrean egoteko edo agertzeko modu bat da, nik uste. Ohituko naiz noizbait, agian. Bitartean, eskuak libre baditut behintzat, saiatuko naiz nire txaloak hain garesti ez saltzen, ingurukoen lepoak jiratzen ikusi arren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide