Korapiloa

Poz txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 5a

Berdelariko 1980ko hamarkadako ikasle talde bat, Conchi Ramila irakaslearekin (Utzitakoa)

Mailo Oiarzabalek azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela ez hainbeste urtera arte, 1980ko hamarkadako aipamenen bat entzuten nuen bakoitzean, herenegun gertatutako zerbait izango balitz bezala prozesatzen nuen hasieran, 'herenegun' horretatik hogeitaka urte pasatu zirela jabetu eta (zeharo) zahar sentitu aurretik. Orain, 2000.arekin gertatzen zait antzeko zerbait: 2001ean jaiotakoak sehaskako umeak iruditzen zaizkit, mende laurdena betetzear daudela eta haiek ere urteen joanaren abailarekin harrituta-kezkatuta sentitzen hasita daudela konturatzen naizen arte. Gogoan daukat lehen aldiz 2000.etik aurrera jaiotako bat elkarrizketatu nuenean hartu nuen sustoa. "Zure jaiotza urtea esan behar didazu: mila bederatzirehun eta laurogeita hama...?", nik. "Ez, 2001", telefonoz bestaldekoak. Zapla! Beste batean kontatuko dut, agian, lankideak Puerto Hurraco –"Hurraco h-rekin!"– gugleatzen jarri nituenekoa.

1980koak, ordea, 'nire' urtetzat ditut, eta, gertuagokoak izan arren, arrotzagoak egiten zaizkit XXI. mendearen hasierako urteak. Tira, aitor dezadan: XXI. mendea egiten zait arrotz. Gero eta arrotzago, eta maldan gora, eta okerragoa dena, gero eta beldurgarriago. Badakit sentipen horiek estu lotzen zaizkiola adinari, baina nahiago nuke hori besterik ez balitz. Black Mirror telesailaren atalak distopia hutsa ziren duela hamar urte, eta orain... Ehun pezeta ordaindu nituen txikle pakete baten truke taberna batean 2001eko abenduaren azken egunetan; marka eta zapore bereko txikle paketeak euro bat 'balio' zuen 2002ko urtarrilaren hasieran taberna hartxantxe; 66 pezeta gehiago, alajaina. Esan gabe doa soldatak ez zituztela modu berean borobildu. Mendea horrela hasita, zer nahi genuen, ba.

50 urte dira Franco hil zela. 4 urte bete berriak nituen, eta artean eskolatu gabe nengoen. Francoren garaitik zetozen eskola zaharreko maisu-maistrak, eta ideia eta tratu irekiagoak zekartzatenak, bietatik ezagutu genituen nazionaletan gure belaunaldikook –baita ikastolakoen inbasioa ere–. Azken horietako batzuk erdaldun elebakar ezagutu genituen, baina euskaldundu, eta eskolak euskaraz emanez jubilatu ziren. Horietako bat da Conchi Ramila. Nork esan behar ziokeen Burgostik etorritako irakasle gazte erdaldun hari euskaldunduta itzuliko zela jaioterrira erretiroa hartuta. Eta nork esan behar zigukeen, hari eta guri, bere aurrenetako ikasle izan ginenoi, 40 urte eta gero bazkaltzeko elkartuko ginela. Hamazazpi ikasle ohi eta señorita Conchi, 'gure' 1980ko eskola urteetako pasadizoak berritzen, bakoitza bere oroitzapen puskekin, gozoak zein garratzak, guztiona den puzzlea hala-nola osatu nahian. Ederra. Eskerrak XXI. mende aldrebes honek tarteka halako poz txikiak ere ematen dituen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide