Korapiloa

Zubia eta sarea

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 7a

Ezkuztako zubia, joan den martxo erdialdean. (Ihintza Elustondo)

Mailo Oiarzabalek apirileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Itxi dute bi egunerako Ezkuztako zubia, eta akabo. Madalenako bide zaharretik joan-etorrian ibili daitezke autobusak, eta gaitzerdi. Baina zubia guztiz itxita egongo den 40 orduetatik seitan, autobusek ere ezin izan dute erabili ordezko bide hori. Zilbor-hestea moztuta abandonatu duten jaioberriaren pare, gure bailara eder-madarikatua.

Lehendik ere jakina izan arren, halakoek argi eta gordin azaleratzen dute zenbateraino gauden Gipuzkoako biribilgunearen erdiko harrian ainguratuta, kieto. Justu Ezkuztako zubitik igarotzen den kostalderako eta Donostiarako irteera eta handik ibiltzen diren autobusak kentzen dizkigutenean, Azkoititik Azkarateko mendate autobidetua da gertuena gelditzen zaigun baliabide ustez zibilizatu bakarra. Urretxu-Zumarragarako sugebidea ari dira zabaltzen, ados, baina Artetxerrekako –horrela esan izan diote gurasoek– bailara estu eta laiotz hori estali eta gainean berria egin ezean... (barkatu). Txalo bero bat, bide batez, gure eskualdeko erreferentziazko ospitalea Zumarragakoa izan behar zela erabaki zutenei. Eta beste txalo bat –edo bi, edo dozena erdi zaplasteko– duela 40 urte Urolako bailara trenik gabe uztea erabaki zutenei. A zer nolako tonto aurpegia gelditzen zaidan lantzean behin trenbidearen museora zerbait aurkeztera etortzen diren politikariak trenaren eta garraio publikoaren onurak haizatzen hasten direnean, non eta kendu zuten trenbide haren geltoki nagusietako bat izan zenean, orain pusketaka erotzen ari den baina bere garaian ezinbestean handitu behar zen eta trenbidea oztopo zuen lantoki zaharraren mamu erdoildua atzean dutela. Baina, lasai, Zumarraga eta Zumaia lotuko dituen bide berde bikaina laster osatuko dute, eta datorren urtean Urolako Trena maratoia antolatzeko moduan izango dira.

Bizi garen tokian bizi gara, eta den bezalakoa da bizi garen tokia, erabaki zuzen-okerrak gorabehera. Teoria batzuen arabera, bailara eder-madarikatu hau den bezalakoa delako, onerako zein txarrerako zokoratuta edo oso eskueran behintzat ez gaudelako, iritsi gara XXI. mendeko bigarren hamarkadara hain euskaldun. Urola Trena martxan jarri zutenean ez zegoen, ordea, Internetik. Moztutako zubiak, erauzitako trenbideak eta errepide negargarriak ez dira oztopo ordezkapen linguistikorako. Begiratu, bestela, sare sozialen plazan erdara hutsean aritzea erabaki ona iruditzen zaien Azpeitiko saltokiei eta eduki sortzaileei. Ez dira, oraingoz, gehiengoa, baina gero eta gehiago dira. Euskaraz alfabetatuak eta etxean zein kalean euskaraz bizi diren horiek, gaztelania aldrebes hutsean jo eta ke sarean –beste baterako utziko ditugu euskara kolokialean ari direlakoan hamar hitzetik zazpi erdaraz botatzen dituztenak–.

Bakoitzak daki bere berri, akabo ba, baina bihotz ondoko mina eta etsipena eragiten didate erdara hutsaren –ia beti gaztelaniaren– aldeko hautua egiten duten euskaldunek. Eta, ez, ez naute konbentzituko hautu horren ustezko onurekin. Zorionez, badaude kontrako bidea egin dutenak ere, sarean euskaraz edo euskaraz ere aritzea erabaki dutenak. Biba zuek!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide