Korapiloa

Hau da hau harria

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal

(Argazkia: Guka)

Mailo Oiarzabalek iraileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Iritsi da abuztuko azkenaurreko astelehena, hiru asteko oporraldi ustez luzearen ondorengo lehen laneguna niretzat –eta beste askorentzat–, eta hemen daukat, saninazioetan nahita-edo hutsik utzi nuen iraileko aldizkariaren maketa zulo hau, zuri, pulamentuzko zerbaitekin betetzeko ahalegin eske. Tira, nahita-edo ez, benetan nahita utzi nuen lau hilean behingo torturatxoa opor bueltarako, uztailean idatzi, abuztuko hiru astetan mundua hankaz gora jarri eta zuk irailean hau leitzerako zaharkituta ez gelditze aldera.

Mundua lehendik ere hankaz gora zegoela esango duzu, agian, eta arrazoi osoarekin. Lagunartean inoiz aipatu izan dut Batmanen film batean bizi naizela iruditzen zaidala aspalditxotik, pailazo-munstro itxurako psikopata boteretsuz, trumpmileinetanyahuayusortegaz eta abarrez jositako mundu ez sinesteko honetan. Igaro den abuztuko lehen hiru asteek ez dute, ez, hezurmamizko distopiaren planta itxurosotu. Hau da hau harria, batean eta bestean, urruti eta gertu.

Oporraldiak baretu ez duen bestea da beroa. Eguna joan eta eguna etorri, ia salbuespenik gabe, beroputa. Beroputa, eta lehortea, aireko hezetasunak arnasteko lanak ematen dituenean ere. Beroputa, bazterrak lehor, eta EITBko irrati-telebistetako albistegietan eta magazinetan berehala egokitu dute batzuek hizkuntza eguraldiaren joera berrira. Horrela, esango dizute 30 gradura ez direla iritsiko tenperaturak bihar eta, ia-ia, hasteko ospatzen, 29 gradurekin izerditan pats ibiliko ez bazina bezala. Edota 25 gradu "besterik" ez ditugula izango etzi, "fresko". 25 gradu Kantauri isurialdean, uztailean edo abuztuan, "fresko". Eta 20 gradutik jaisten ez diren gauak, "epelak". Eta ni, Sofia Loren gaztetan.

Gehienez bizpahiru bero latz kateatu ondoren ekaitza lehertu eta segidan aste oso bat lainope freskoan joaten ziren uda sasoien antzik ez du izan aurtengoak. Abuztuko azkenaurreko igandean bai, lehertu zen ekaitza Azpeitian, baita harria bota ere. Zer kontatu handirik ez zuten nonbait ETBkoek gau hartan –oso ondo ezagutzen dugun trantzea da hori, abuztuero basamortu bihurtzen den herrian–, eta udako ekaitz hark Zarautzen eta Azpeitian utzitakoekin ireki zituzten albistegiak, adierazpen eta guzti. Eta enegarrenez, gure ama sutan: "Txingorra? Txingorra neguan egiten duela ba, ez udan! Udakoa harria dela!", berriemaileek entzungo baliote bezala. Hiztegietan bestela bada ere, esango nuke inguruotan txingorra eta harria bereizi izan direla beti, oraintsu arte behintzat: txingorra, neguko hotzarekin erortzen diren izoztutako ale txikiei esaten diegu; harria, berriz, udako ekaitzek sarri ekartzen dituzten jela puska dezentez handiagoei.

Udan txingorra egin duela entzutearen pare haserretzen du ama adingabe hitza entzuteak. Azken hori erabiltzean kazetariek ez dutela errurik esaten diot nik, adin txikiko-ren aurretik lehenetsia duela-eta adingabe Euskaltzaindiak. Baina, zer nahi duzue esatea, neuri ere belarriko –eta bihotzeko– mina ematen didate biek, udan txingor erabiltzeak zein adingabe entzuteak. Euskaltzaindiak esan dezala nahi duena, ni amaren alde.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide