"Utziko al didak bakean alde egiten? Hila nauk, dagoenekoz. Ez diat munduan gelditzerik. Ez dakidanik ez didak esango.
Gogoan zeuzkaat hik gogoan dauzkaan horiek. Aittaren belaunetan zuek, anaia bana, eta ni aparte, txorakerian. Ez zekiat zeinek zeini egiten zion burlarik handiena, zuek niri, ala nik zuei. Hura ez zuan jolasa besterik, ez zegoan txarrik, orduan, zertan daukak ahaztu beharrekoetan gordeta, ahaztu ezinezkoetan? Utziok pentsamendu horri joaten, arantza bezala sartuta daramak hire bizi guztian! Har ezak gogoan beste errekuerdo hura, eskolara lehenengo aldiz eraman ninduan egun hura. Bost urte bete nituen egunean, eskutik hartu eta Enparango jesuitinetara eraman ninduan. Horixe hartu behar dek gogoan. Edo Jexux Marik eta biok eskolako kartera larruzko dotore haiek astotegitik Urolara bota genituen pasadizoa. Hik ez huen heurerik bota, hala ere. Gu baino bi urte zaharrago hi, eta buru gehixeago ere bai, nonbait ere. Gorde ezak buruan Betharrandarretako garaia, adibidez, edo, urte batzuk geroago, hiru anaiok egin genuen bizikleta buelta hura, Bidaniatik Azpeitira Beizamatik barrena, eta nola ikusi genituen guardia zibilak Santamarina gainean, orduko garaiko land-rover berdean, bi guardia zibil, bata karreteran eta bestea ibilgailu barruan, tebeoa letzen. Eta horixe esan geniola batak besteari, alegia, guardia zibila guk letzen genuen moduko tebeoa letzen. Txokantea iruditu zitzaiguan. Eta gero, Beizamara baino lehen erori egin hintzen, errebuelta batean harritxintxorretan irrist eginda, eta Beizamako kontzejuraino joan, eta han kontu pixka bat egin ziaten, eta bizikleta gainean berriz etxeraino ailegatu gintuan hirurok. Eta arratsalde hartan, jaia, 55 dias en Pekin ikusi genian Soreasun. Gorde itzak horiek gogoan, txikitako oroitzapenak.
Handitakoak... bazakiagu, biziak eragiten dizkigun traizioak dituk. Ez burua alferrik nekatu. Bizi hadi bakean, eta utzidak niri ere bakean alde egiten. Baina nahi duanean etorri Abitainera bisitan. Etorri".