Soka luzean

kontzeptua (minuskulaz)

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2022ko ots. 4a, 08:36

Miel Anjel Elustondok 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zerutik jakina da. Hemen nork bere teoriak ditu. Nork bere egia duela, edo nor bere zoroak bizi duela bezain egia da hori. Baina, batzuetan, ez dugu ikusten. Beste batzuetan, berriz, ez dugu ikusi nahi. Nik, egia esan, ez dut granorik entenditzen. kontzeptua.

Auzoko farmazialaria euskalduna da. Esango nuke euskaltzalea ere badela. Neurri batean, behintzat, eta gu bezain zoro itsu eta amorratua ez izan arren ere. Bere partea egin du, partez, eta langile euskaldunak ditu botikan. Telefonoz jo, antigeno-testa egiten ote duten jakin nahi nik, eta «farmazia, bai?» erantzun didate, baina sinistuko ez balute bezala, beldurretan bezala. kontzeptua. Ez dut entenditzen. "Esaten hasita, esan ezak pa natural!". Alferrik. Tira, ohetik irten eta farmaziara, delako zomorro-test hori egitera. Eta, ilara libratu denean, nire txanda. "¡Un segundín!". kontzeptua. Farmazialariarena, eta nirea. "Nagusiak euskaraz esango zidan". Kofradiakoak jaso du kandela: "Momentu bat, faborez!". Eta segi, hantxe joan da egin behar zuena egitera. Eta etorri da, eta euskaraz nik, eta euskaraz berak, eta egin dut antigeno-testa berak gozo lagunduta, euskaraz bastante normal. kontzeptua. Euskaraz egiten du, egin behar duenean. Egin behar ez duenean, gaztelaniaz errazago egiten duenez, gaztelaniaz. Gure txakurrek ardiari baino lehenago hartu diot usaina.

Ordu laurden bat egon behar omen dut zain. Egin dut bueltatxoa, egunkaria erosi, gurean egunero izaten ez dugun eguneroko ogia ere bai, eta atzera botikara. Hantxe farmazialariak, hiru, euskaldunak hirurak, euskaraz dakitenak, gaztelaniaz erraz. kontzeptua. Eta hortxe etorri zaizkit amildegian behera gure alderdi hegemoniko nagusi sabindarraren, hau dudatan jarriko dugu, diskurtso guztiak, hizkuntza politika guztiak, dirutza guztiak. Ezetz, bada. Zerga bidez bildutako dirua beraiek nahi duten asmoetan dirutza gastatzea, eta nahi ez duten asmoetara limosna bideratzea da errazena. Beste bat da koxka, eta landu behar dena. kontzeptua. Minuskulaz, badaezpada ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide