Soka Luzean

Zoratzekoa

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2023ko abu. 26a, 12:39

'Puta' liburuaren azala.

2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa. Besteak beste, joan den urtean euskaratu zuen Puta liburua izan du mintzagai Miel A. Elustondok.

Eta agintzen dut, prometitzen dut ez dudala berriz horrela eskribituko, baina halaxe idatzi zuen liburu bat oso-osoa Nelly Arcanek orain dela hogeitaka urte, ia batere punturik gabe, Puta zuen izena liburuak eta joan den urtean ekarri nuen euskarara eta nola nire herrian inork ez zidan kasurik egiten, oraingo herrian presentatu nuen, baina nola bibliotekariak esan zidan nahi beste denbora nuela hitz egiteko, andreak orduan esan zidan hura ez zela presentazioa, zela hitzaldia, eta hitzaldia prestatu behar izan nuen, eta halaxe jardun nuen hizketan eta Puta liburutik letzen ez dakit zenbat denbora, eta txarki ere ez, eta akordatzen naiz guk txarki esaten genuela txikitan herrian, eta baten batek, asko ikasitako baten bat izango zen hura, esan zuen ezetz, ez dela txarki esaten, esaten dela gaizki, eta holako txorakeriatan eman dugu denbora, euskara aldrebesten beti, eta nik Puta letzeko gomendatuko nizueke denoi, oso liburu ona da, interesgarria tope, saninaziotan bertan tabernan edo txoznetan letzeko modukoa, pasarte bat, behintzat, eta gero segi letzen hondartzan, mendian, edo etxean ezkutuan, edo Pakoren azkena bezala, Irunberriko arroilan, eta Gasteizen egin zuen presentazioa liburuarena Pakok, oso aurkezpen ona, inoizko onena, eta izoztua ere etortzekoa zen, baina Covitekoak bazterrak nahasten hasi ziren bezperan, eta izoztuak nahiago izan zuen ez etorri, liburuari kalterik ez egitearren, eta Interneten begira jakin dut izoztua nora, Covitek prentsa, bere prentsa, eta sare ez-sozialak astintzen hasten dela, izoztuaren presentziaren kontra, eta inork ez gaitu bakean utziko, edo bakea emango digute gure izateari uko egiten diogunean, eta beraiek bezain inperialista españolak garela esaten dugunean, bitartean ezer ez, ez digute herri izaten utziko, eta bitartean gure herri euskaldunetara ere erdara sartuta dago, eta beldurra ematen, Orion nintzen atzo, eta erdara besterik ez nuen aditzen, eta azkenerako neure buruari builaka hasi nintzen, orroka, zoratzekoa da eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide