Soka luzean

Ez hango ez hemengo

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2024ko abu. 18a, 10:00

Txapelen omenezko 2023ko bertso saioa, Soreasun. (Kulturaz)

Miel Anjel Elustondok 2024ko uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Buruz ari naiz, baina 1957koa dela esango nuke. Liburu bat, Zuberoatik Nevadara joandako familia bateko semearena, Nevadako idazlerik famatuenetako bat. Robert Laxalt. Haren liburua euskarara ekarri zutenean Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan asmatu zion itzultzaileak. Aitarekin batera Euskal Herrira egindako bidaia kontatzen du idazleak liburuan, eta akordatzen naiz nola, akaberan esaten duen, zenbait aste jaioterrian egin eta gero, aita ordurako ez dela ez Zuberoakoa, ez Nevadakoa...

Barkatu baldar idatzi badut. Ideiak ordenatu beharko nituzkeen, ideia sinple bat azaltzeko; alegia, berdin sentitu nuela orain hurrena herrian izan nintzen azkeneko aldian. Bertso jaialdi bat zen, eta haraxe joan ginen Kapitain Laxa eta biok. Hantxe bertsolariak, eta hantxe gai-jartzailea, etxeko sukaldeko euskararik jatorrenean, karranka soinuan. Saio ederra. Zenbait lagun berriz saludatzeko aukera. Maite, Fernando, MariaJesus, Inaxita, MariAnjeles, Laxaro, JoxeLuix, Imanol, Gerraundi... eta Higinio getariarra eta andrea Otxandiokoa! Horixe izan zen, benetan, denboran 40 urte atzera egitea. Baina zientzia fikzio gabe, errealitatean. Onerako ala txarrerako, ez dakit. Ideiak ez dauzkat behar bezain ondo ordenatuak, esan dut. Eta Soreasu berritik irten, eta adiskide lagun gehiago, eta eskerrak, inor ez genuela ezagutuko pentsatzen ere hasi ginen-eta momentu batean. Eta mendizaleetara joan, eta zeinek ezagutu taberna?! Gaitz erdi, geure burua entretenitzen asmatu genuen, eskuan basoa edo kopa hartuta, eta Txomin, Amaia, Olatx... inguruan genituela, jo eta berriketan. Eta hau eta hura, eta, orduantxe, harako hark mundua egin zuenean bezal-bezala, argia egin zen. Lapatxenekoaren irribarrea. Gure amagandik jasotako Lapatxeneko lotura. Txikitako lagunik handien hura, Joxanjel, gazte baino lehen joan zena mundutik. Hura galdu. Lapatx irabazi.

Printza txiki horiei esker gara bertakoak oraindik, Laxalt zaharra ez bezala. Hura ez hango ez hemengo zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide