Soka luzean

Ze nezesidade

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2024ko aza. 29a, 08:03

(Argazkia: Pixabay)

Miel Anjel Elustondok 2024ko urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez nago txistua alferrik galtzen ibiltzeko moduan. Hau infernua da. Edo Gabriel Arestik idatzi zuen hura, Oskorrik kantatu zuena: "Eskribitzen badaustazu badakizu non nagoan, / infernu labanagoan deabruaren ahoan". Oporretatik etorri, eta itxura beldurgarria du agendak. Itxuragabea dator panorama. Elkarrizketak, beti. Xabier Amatria. Iñaki Irazu, Zakur zaunkak. Andres Urrutia. Maddi Agirre. Izar Mendiguren. Julià Guillamon, Xomorroak. IVAP: Asun Garikano. Argia: Jose Manuel Uriagereka Bilbao, Matsorri. Idazleen Elkartea. Berria. Harriet komikiak: Lehoi ogroa (3). Mondragon Unibertsitateko irakaslea: Joxe Arratibel, Kontu zaharrak. Lanartea sindikatuaren bilerak. Fisikoa Gasteizen; telematikoak tarteka. Euskaltzaindia. Eusko Ikaskuntza. Beer-pentsatzen eta kongresua. Ruper Ordorika, Abadia saria Hendaian. Bazkaria Tolosan. Bazkaria Azpeitian. Valentziako koinatuaren bisita. Ilobena. Alabaren lagunaren familiarena. Aita-amaginarrebena. Irailaren 27ko fusilamenduak. Bartzelonara nahi. Urriaren lehenengoan, hitzaldia. Euskararen historia soziala Gasteiz-Araban. Txakurra gaixorik. Operazioa, seguruena. Gehitu horiei eguneroko lanak. Garbitzeak. Erosketak. Sukaldea. Kontzejuko lanak. Jon Miranderekin dantzan, liburua. Alaba Donostiara Medikuntzako laugarren urtea egitera. Pisu itsua urrearen prezio neurrigabean. Gurean, habia hutsik. Sindromea. Andrea koleran. Bere onetik irtenda. Hobeto du nire agenda zitalaren berri ez izan. Koleran eta pelean. Baina egia izango da lehengo hark esaten zuena: "Ez dago bitoriarik pelearik gabe". Eta, orain, banaka-banaka, egindako lanak borratzen hasi. Tantaka-tantaka ezabatzen.

Jainko ezjainko guztiei eskerrak, Higiniok, eta Idoiak, eta segurarrak, eta kapitain Laxak, eta Durangoko Azokako Koipek, eta batzuek eta besteek hau irakurtzen dutenerako, joana izango da iraila.

Urrian, "itxita, oporretan gaude" jarri beharko dut.

Hobeto: "Itxita, infernuan gaude".

Ze nezesidade?!

(Akordatzea ahaztu! Gukako hau!).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide