Ez al da mundu ederra? Mirandek "urdekeria galanta" esaten zuen. Ta ez diot nik kontra egingo. Ta jendeak, orain, "dena ondo?" besterik ez du galdetzen. Eta dena ondo gure munduan ezer ez eta inor ez. Galdetzeak balio duen, norberak jakingo du.
Nire kasuan, hobe ez galdetuta, aldrebeseko erantzunen bat jaso nahi ez baduzu, behintzat. Azkena kontatzea nahi?... Gaututa, guasap madarikatua joka orain ere. Eta negarra joka hariaren beste aldetik, eta nik: "...etorriko dira bestelako egunak. Ta eskerrik asko ta gabon ta bihar arte ta ondo lo egin". Eta, orduan, despeditu zarenean, galdera beste aldetik: "Kontatu diezazuket?". Badakizue nola hitz egiten duen gu bezala hitz egiten ez dakien jendeak: "Kontatu diezazuket? Uste dut laguntza behar dudala honi aurre egiteko"... Trankil kontatzeko, jakina. Ez duzu adiskide zaharra, baina izan zitekeen. "Nahiz eta txapa luzea izan?"... Baietz, ba, kontatzeko lasai... Eta etorri da egundo esperoko ez zenuena. "Orain dela urte eta erdi taberna horretara joaten hasi nintzen, eta oso ondo konpondu nintzen nagusiaren aitarekin. 60 urte ditu. Nik, badakizu, orain dela gutxi zelebratu genuen-eta nire urtebetetzea, 42. Asko hitz egiten genuen, dantzatzera joaten ere hasi ginen, eta dantzara joan baino lehen txurroak jateko zitatzen ginen, hura, nire lagun bat, eta hirurok. Behin, Valentziara ere joan ginen, partida bat ikustera, bertan eman genuen gaua ere... Neure buruari galdezka hasi nintzaion, hura maitasuna ote zen, edo zer demonio. Pentsatzen hasi nintzen, harreman hura ote zen nik bizi honetan nahi nuena. Eta ezetz erabaki nuen. Gutxienez, behintzat, ez zen nire seme-alabei opa niena. Ez nuen nahi, baina gizon harengandik urrutiratzen hasi nintzen. Nik distantzia jarri, eta, bera, berriz, obsesionatu egin zen... Eta zu ez gehiago entretenitzeko, bihar kontatuko dizut gainerakoa [23:41]. Nire lagun-lagunei ere ez diet kontatu. Baina tabernako lagunek zenbait gauza ikusi dituzte. Bihar kontatuko dizkizut".