Uste baino azkarrago joaten dira urteak, eta joaten da bizitza. Eta gazteak baleki, zaharrak baleza, inoiz besterentzat zena, norberarentzat da noizbait. Sinistea ere, berrogeita hamar urte joan dira eta joan zaizkigu bizirik irauten dugunoi. Eta zorionak bizirik zaudetenoi. Zelebratu, inoiz ez da-eta jakiten noiz. Eta gazte eta berde harrapatu gintuen nuarbetar gaztearen fusilamenduak. Adin tarteak galarazi zigun Otaegi ezagutzea, baina haren auzoei beti "Anjelito"-ka ari zirela aditu eta etxekotu ziguten Anjel Otaegi. 33 urte zituen, Francoren diktadura garaian fusilatu zuten, Txiki, Sanchez Bravo, Humberto Baena eta Garcia Sanz fusilatu zituzten egun berean, 1975eko irailaren 27an. Eta 50 urte joanda ere, beti gogoan heriotza haiek.
Gerra hasita zegoen diktaduraren kontra ekin ziotenean ere. Ez zuten surik piztu, sutzarrari su txikiarekin saiatu ziren. Diktaduraren kontra. Hurrena, diktaduraren ondoko diktaduraren ohitura eta legeen kontra ahalegindu zen gizartea. Eta Franco hilda ere, diktadorearen neurrian erantzun zuen estatuak. Eta sufritu genuen errepresioa. Latzagoa batzuetan, beste batzuetan baino. Polizia eta Guardia inZibila tiroka gure herriko plazan. Txapelokerren lanrroberra Erdikalean gora eta behera jende prozesio hura sakabanatu nahian. Askorentzat, lehenengo manifestazioa, fusilamenduen biharamunean. Isiltasun mina. Eta urte askoan, ez justiziarik, ez erreparaziorik. Oraingo terminoak dira. Justizia eta Erreparazioa. Garaian garaikoak asmatzen dizkigute. Zabaltzen dituzte beren tresnak erabiliz, lan propagandistiko ikaragarria, disimuluan eta disimulurik gabe, kapital dirudunen interesen alde beti, sasoi batean bezain nabarmen gaur egunean. Edo lotsagabeago orain. Eta horregatik ari gara builaka 50 urtean. Keja eta desditxa gureak. Bost gazte haiek hiltzearekin batera, gu geu ere hil gintuztelako pusketa handi batean. Hil gintuzten, baina bizirik gaude, min handiarekin.