Soka luzean

Barkatu

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2026ko martxoaren 3a

(Argazkia: Pixabay)

Miel Anjel Elustondok urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kanpoan nik andrea, eta alaba eta biok ari ginen, afalondoan. Halako batean, mutilarekikoak egitekotan dela. Uztekotan, alegia. Hara, bestea! Eta bihotz ematen eta neure eskarmentua kontatzen hasi natzaio. Maitasuna entendituko duenik mundu honetan ez dela, eta hau eta hura. Eta neure curriculumari ekin diot. Alaba, inoiz baino adiago. Lehenengoak izena zuen Esmeralda. Enamoratu nintzen, baina hark niretzakorik ez. Beste bat gustatzen zitzaion. Hurrengoak izena zuen Mariaje. Galdetu aginagaldetarrei. Erbestekoa zen, mutila ere bazuen ordurako. Hala ere, bi egunez elkarri heldu-helduta eta musuka ibili ginen. Lehenengo oheratzea. Eta, gero, nor bere herrira, lehengo mutilari lotu zitzaion. Ez nuen harrezkero haren berririk izan. Eta segi. Hurrengoaren izena ez noa esatera, eskandalurik ez sortzeko. Bat egin genuen, aspertu nekatu nintzen arte. Hurrengoak izena zuen... haren izena ere ez noa esatera, ez dezan letu, eta min hartu, beharbada. Beste bat sartu zen tartean, eta bere errotara joan nintzen, aurrekoari azalpenik eman gabe. Saiatu nintzen, baina haren ezezko gogorrak atzera eragin zidan, eta kito. Barkamena eskatu nahi nion. Barkatu. Hurrengoak izena zuen... Hurrengoak... Hurrengoak...

Ni alabari kontatzen, berari esaten kasu egiteko bere buruari. Hartu-emanari utzi nahi izatekotan, garbi hitz egiteko kide duenari, garbi bezain goxo. Gauzak nola diren azaltzeko, sentitzen dituenak esplikatzeko, denbora hartzeko. Hau eta hura esan diot, formularik ez daukadalako, ez magikorik, ez magiko ez denik ere. Gure marimatrakari gustatu zaio nik neure oker guztiak kontatzea. Hauskor eta ttiki naizela jabetzea. Ondoan naukala sentitzea. Eta halaxe izango dela azkeneko ordura arte. Nahiz eta ordu hori ez den 83 urtetik gorakoa izango. Bitartean, ama zenak esaten zuena: hil arte bizi. Enamoratzen eta desenamoratzen. Maitemintzen eta maitemina galtzen. Maitatzen eta maitatzeari uzten. Batean norberak, hurrengoan besteak. Zoramena. Entenditzeko modurik ez dagoela esan dut lehenago ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide