Urteak daramazkit ideia berari bueltaka. Ez dakit ideia ere den. Igual da errekuerdoa. Errekuerdoa ere badena, dudarik ez. Gazteak baleki zaharrak baleza. Oraintxe dakidana, bizialdiak emandako pozak eta minak erakutsi didatena garai hartan baneki. Ikastolako irakasle izan nintzen hamar urte haietan. Eta hala ere ezin agindu beste oilar batek joko zukeela kukurruku.
Gauzak egiteko beste modu bat. Neska-mutikoei kanpotik ezer erakutsi beharrean, ondoko baserritarrak bezala aitzurrean jardun, erein, landareak aldatu, denboraren eta eguraldiaren poderioz fruitu eman dezan. Hurrengo irakasleen eskuetan gozo utzi. Gurasoen eskuetan. Gizarteaz ohartu. Lagundu. Beraiekin batera bidea egin. Eta Jone, Itsaso, Ibai, Ismael, Xanet, Andoni, Jexuxmari, Axkiola, Xabier, Iñaki, Aitor, Roberto, Amaia, Izaskun, Alazne, Jon, Ainhoa (txikia), Ainhoa (handia), Maier, Maider, Itsaso, Maite! Xabier, Arriola, Barriola, Ainara, Enara, Asier, Badiolegi bat, Badiolegi bi, Omar, Xabier, Igor, Iker, Gorka, barkatu, Ales, Ainhoa, Txirulin, Txantxangorria, Arantxa bat, Arantxa, bi errezildar, Argia, Josune, Gorka, Aitor, Igor, Xabier, Lasaokoa, Sasiol, Zubimendi! Jozi, Enekoitz, Atzaran, Garazi, Markel, Eloi, Mikel (handia), Mikel (txikia), Juanluis, Jonkoldo, orain Xabier, Jone, Naiara, Haritz! Zintz! Asier! Zintz! Auzaratza, Bikendi, Onintza, memoria flakatzen ari zait, baina segi Tomas, Jeronimo! Iñigo, Iñaki, Iban! Onintza, Gurutze! Zintz! Julen, Ainhoa, Belen, Iker, Igor, Arantzazu! Barkatu Ainhoa, Xabier, Aior, Imanol, Andoni, Leire, Ainhoa, Jaione, Isabel, Mirari, Ander, Iñaki, Pedromari, Iraide, Julen, Josu, Igor, Pello! Omar, Maite, Unai, Jagoba, Jone, Nagore, Nora, Iñaki, Itziar, Ernesto! Maider, Iker, Ander, Igor, Izaro, Edurne... estimatu nituen.
Gaur ez nituzkeen orduan baino gehiago estimatuko, baina uste dut, konbentzituta nago hobeto lagunduko niekeela beren bidean, beren bidea egiten. Urteak daramazkit ideia berari bueltaka. Hamar urtean ibilitako ikasleak. Neska-mutiko haiek. Andretu-gizonduak orain. Haien gurasoak, maitagarriak asko. Denak nire gogoan beti.