Usteko nuen gure herria kanpeon zela adarra jotzeko makinetan. Oker nenbilela, beste behin oker, akordatu naiz. Leitzen ari nintzela, edo leitu nahian, akordatu naiz: "Goi mailako arau hauek kulturaren printzipio nagusiak, berme espezifikoak eta ezaugarri orokorrak osotasun gisa definitzean jartzen dute arreta, batez ere XX. mendearen hasieran kulturaren kontzeptua bera testu konstituzionaletan eta, ondoren, nazioarteko tresnetan txertatu zenetik". Beroketak egiten hasteko moduko esaldia iruditu zait, ze, ondoren datorrena elkorragoa egin zait. Ea zuek nik baino zorte hobea duzuen. Badoa: "Hori ez zen oztopo izan testu horiek, kulturaren kontzeptu orokor horren itzalpean, kontzeptu horrek [leitu atzera berriz ere, eta gero esplikatu niri nora goazen, nora doan testu korapilo bihurria: 'Hori ez zen oztopo izan testu horiek, kulturaren kontzeptu orokor horren itzalpean, kontzeptu horrek'… Leitu nahi bestetan, eta lagundu niri] hartzen dituen sektore eta gai espezifiko batzuk aipatzeko, hala nola kultura-ondarea, museoak, artxiboak eta liburutegiak, zinematografia edo liburua". Lau orujo txuri lehor edanda baino zorabiatuago nago. "Formula zatikatu honek, non ordena kulturala irlatxo normatiboen artxipelago gisa agertzen den, non testu gorenek aldarrikatutako printzipio handien eta berme orokorren esanahi unibertsala kultura bezalako barne-heterogeneotasuna duen eta, ondorioz, sakabanatzeko joera duen materia batean diluitzen den, ikuspegi orokorra eta gai eta alderdi kulturalen elkarlotura berresten saiatzen diren eredu normatibo berritzaileak agertzea eragin du azkenaldian, baita ohiko legeriaren mailan ere". Barkatu, botagura etorri zait. Uste dut hori leitzen duena botaka egitera behartzeko eskribitu dutela horrela beneno hori. Trankil, ez da oso gauza inportantea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura sistemaren lege aurreproiektua besterik ez. Ibone Bengoetxearen adarra jotzeko makinak, hurrena legea gaztelaniaz egiteko. Argi ibili.