Eta orain zer. ailegatu gara ia hirurogeita hamar urtera, lanari lagatzeko garaia ere bai. Eta orain zer. batak, bera ere laster jubilatuko dela, eta hasiko garela astean behin haruntz eta honuntz, joango garela zuberoaraino, santagraziraino, bisitatuko dugula beste behin anbroxi, ibiliko garela handik hona eta hemendik hara. besteak, paraje txarra ez dela erretiroa. ez nion galdetu zer esan nahi zuen, aspaldi samar jubilatuta ere, oraindik saltsa askotan sartuta segitzen du eta, lanean. azkena, andrea ere mezuak bidaltzen hasi zait, ideiak ematen edo. 91 urteko emakume baten historia kontatzen duen notizia irakurri du kataluniako prentsan, eta bidali dit. delako emakume hori munduan batera eta bestera dabil jubilatu zenetik. diren eta ez diren herrialde denak ibili ditu, baina ez turistaren moduan, bidaiariaren legean baizik. garraio publikoan beti, ostaturik apalenetan beti, hamar kilo baino gehiago pisatzen ez duen motxila hartuta beti, bazterrik jendetsuenetatik aparte beti, uztailean eta abuztuan etxetik mugitu gabe beti. orbanik gabeko bizialdia, nonbait, mundu honetan halakorik baldin bada, behintzat. eta, ni, barkatu, ezezkoan nago aspaldi handian, baina ez diot inori donjuan zahar haren sermoirik egingo. gorroto ditut sermoiak, datorren lekutik datorrela ere, datorrenagandik datorrela ere. eta, ez gutxitan, ondoan dudan jendeagandik. baina 91 urteko emakumeaz ari nintzen, mateo txisturen pare hara eta hona, zein erbiren atzetik ez dakidala, eta oraindik orain zientzialari zailduak esandako aztarna ekologiko-energetikora joan zait gogoa. autoa hartzeko kezkatan batzuk, joan deneko hogeita hamar urtean haruntz eta honuntz beste batzuk, eta egunkarietan ondo publizitatuak. eta orain zer. harako lagun hark bezala egin, errusiera ikasten hasi, maratoiak egiteko entrenatzen –baina zertarako–, kozinan gauza goxoagoak egiten ikasi, edo, aukeran, idazterakoan maiuskulak behar den bezala jartzen ikasi. Idatzitakoak ilobak zuzen entenditzeko, alegia. ibaik.