Soka luzean

Gerrak Estanis du izena

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo

Miel Anjel Elustondok urriko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gurean gerrak Estanis du izena. Orain dena da drone eta misil eta azken orduko arma sofistikatuaren izena. Desditxa, txerrikeria, porkeria. Gerrak pertsona izenik ez, hiltzera doazenak hiltzera bidaltzen dituzten agintari kriminalenak izan ezik. Gurean, hala ere, gerrak Estanis du izena.

Dima eta Estanis anaia biak Txernobilgo haurrak ziren herrira etorri zitzaizkigunean, Imanolek eta Milak etxean hartu zituztenean. Moisesen denborako kontuak. Hazi ziren Dima eta Estanis, urtea joan eta etorri, uda partean herrira etortzeari uzteke, Errusiak Ukraina inbaditu arte. Orduan, hekatonbea. Gerra hasi orduko hil zieten aita, eta Dima eta Estanis amarekin –Valentinya– eta bi urteko Vania anaia txikiarekin gelditu ziren han. Gerra hasi eta, nortara edo hartara, Vania txikia hartu eta gure herrira etorri ahal izan zuen amak, Mila eta Imanolenera beti, bi seme zaharrenak hantxe utzita, herrialdetik irteteko baimenik gabe. Soldadu eraman zuten Dima. Kanoi-bazka.

Oraindik orain hil da Dima, eraikinen bat zaintzen ari zela, hura goitik behera erorita.

Estanis hona ekarri arteko onik ez dute izan Imanolek eta Milak.

Ukraniaraino joan da Valentinya, bateko eta besteko paper eta agiriak erakutsi ditu, han eta hemen zain egon da –noiz esperantzatsu, noiz etsita–, Estanis herrialdetik ateratzea lortu duen arte.

Orain herrian dugu Estanis.

Eta etorri, eta hemengo aldapa gora igo behar izan du Estanisek. Badaki gaztelaniaz, hemen eman dituen udaldietan ikasita. Euskara ez zaio arrotz. Baina ditxosozko paperak behar, agiriak. Espainiako ministerioak publizitatu bai, "Ukraina, urgentzia", baina Espainiako Poliziarenera joan, eta hartzeko hitzordua Internetez. Hitzordurik ematen ez Poliziak, ordea. Alferrik, zain. Azkenean, joan da bata Poliziarenera, joan da bestea, joan da familia osoa Estanisekin batera –1. pasaportea; 2. errolda; 3. Ukrainan soldadutzatik salbuetsita dagoela erakusten duen agiria–, tramitea bete dute, ez hitzordu, ez bestelako, eta egunetara jaso du erantzuna Estanisek.

Gurean gerrak Estanis du izena. Gogoan, berriz, Dima.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide