Batean eta bestean gurasoekin hitz egiten hasi, kezkak entzun, galderak egin, eta sintomak gero eta agerikoagoak dira: udalerririk euskaldunenetan ere seme-alabak geroz eta gehiago erdaraz ari zaizkigu aisialdian, barra-barra, inolako erreparorik edo kezkarik gabe, naturaltasun osoz. Musika entzuterakoan, filmak edo telesailak ikusterakoan, sare sozialetan, komikiak irakurtzerakoan edota gustukoenak dituzten youtuberrei begira ari direnean, gaztelera da nagusi, nabarmen, ingelesaren edo beste erdara batzuen oso gainetik. Euskara bera ere, gehienetan, bigarren mailakoa da, alde handiz.
Azpeitian, Azkoitian, Zestoan, Errezilen... Berdin dio non. Kalean oro har euskara gailentzen den herrietan ere hori da errealitate gordina. Nerabezaroaren atarian, Tik Tok eta Twitch bihurtu dira gaur egun haurren sare gustukoenak. Lehenengoan, erdarazko abestien inguruko dantzak edo segundo apurretako bideoak osatzen dituzte. Bigarrenean, edozein gairi buruz solasean aritzen dira, zuzenean, eta arrakastatsuenak bideojokoen partidak komentatzen dituztenak dira oro har. Sare batean zein bestean, erreferentzia gehienak erdarazkoak dira. Horiek dituzte gustukoenak gure seme-alabek.
Noraezean eta nahikoa etsita gabiltza gurasoak, zertan huts egin dugun ulertu ezinik. Belaunaldi aldaketaz eta euskararen egoeraren inguruko kontzientzia faltaz hitz egin daiteke, baina argi dago ertz asko dituela gaiak. Izan ere, udalerri euskaldunetan haurrek eta gazteek naturaltasunez jaso dute euskara etxean. Euskararen arnasguneak izan dira gure herriak. Baita Azpeitia ere. Baina alor batzuetan ihes egiten digu emariak, erdaren korronteak eraginda. Erauntsia etenik gabea da pantailetan. Youtube. Tik Tok. Twitch. Netflix. Disney+. HBO. Movistar+ eta abar heltzen zaizkigu eskura, etxeko sofaraino. Baina euskara ia ikusezina da horietan. Erdaren eraginez, erreferentzia kulturalak beste herrialde batzuetakoak dira, eta horrek egundoko eragina du gero gure seme-alaben hizkuntza ohituretan eta hizkuntza hautuan. Dagoeneko baita Azpeitian ere. Urteak eman ditugu lan eta lan, euskara biziberritzeko ahalik eta lan eraginkorrena egiten. Baina egiturazko erabaki sendorik ezean edota ikus-entzunezkoen edukiak arautzeko euskararen aldeko lege zehatzik ezean, bidezidorrak izango dira gure ahalegin guztiak, erdarentzat abiadura handiko autopista zabalak ditugun bitartean, egongelako sofaraino sartuta.