Elkarrekin ibiltzen

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2023ko api. 22a, 09:00

Euskararen Mahaiaren otsailaren 8ko bilera. (Mailo Oiarzabal)

Miren Segurolak 2023ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Otsailaren 8an egin zuen lehen bilera Azpeitiko Euskara Mahaiak. Euskara Mahaian parte hartu zuten lagunek, alegia. Mahaia hantxe egon baitzen, geldirik eta isilik, mahaiak egon ohi diren moduan. Euskara Mahaia bidea egiten hasi dela ere irakurri genuen nonbaiten, eta antzekoa pentsatuko zuen akaso norbaitek: herri santu honetan badirela oraindik ere San Inazioren garaian bezainbesteko kontu xelebreak. Ibiltzen diren mahaiak edota bidea egiten duten mahaiak!

Kontuak kontu, eta serioago jarrita, benetan ederra da Euskararen Mahaiaren lehen urratsek ekarri dutena. Herriko hainbat taldetako eta elkartetako ordezkariak eta hezkuntzako eragileak ez ezik, zenbait euskaltzale ere elkartu baitzen Basazabal jauregian egindako bileran. Euskara Mahaia sortzea eta egonkortzea da Azpeitiko Euskararen Plan Estrategikoan jasotako lehentasunezko egitekoetako bat, eta egiteko hori betetzera heldu zen lehen bilera hura.

Beste herri askok aitortu duten moduan, eredugarria da Azpeitiko Kultur Mahaia. Udalak jartzen ditu baliabideak, baina motorra herritarrak dira, eta herritarrek eta herriko eragileek hartzen dituzte erabakiak. Eredu hori euskararen alorrera ekarri nahi izan du orain Azpeitiak. Izan ere, 150 lagun bildu zituen parte hartze prozesuaren ondotik sortu zen Euskararen Plan Estrategikoa: etxe guztietara galdetegia bidali, eta ondoren herritarrekin talde dinamikak antolatu eta bilerak egin, euskararen inguruko beharrak eta kezkak jasotzeko. Plan horri udalerri osoko ikuspegia emateko, esparru guztiak aintzat hartzeko eta herri mailako akordioa bilatzeko bidea abiatu da. Batez ere hiru arlotan eragin nahi da: herritarren kontzientziazioa, bizilagun berriak euskaratik herritartzeko beharra eta haurren eta gaztetxoen hizkuntza ohiturak.

Azken batean, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteko, Azpeitian erabakiak elkarrekin hartzea da Euskararen Mahaiaren asmoa. Euskara lau haizetara zabaltzeko egin beharreko lana adostea, saretuta, denen artean. Udalak bakarrik ezin du lan hori egin. Eskolek bakarrik ezin dute lan hori egin. Herriko taldeek eta elkarteek bakarrik ezin dute lan hori egin. Euskaltzale sutsuenak ere ezin du bidea bakarrik egin.

Aldiz, plangintza elkarrekin adostuta eta herri mailako akordioa bideratuta, uzta ederragoa izan ohi da. Ideiek ez dute aurrera egiten antolakuntzarik gabe. Eta horregatik da pozgarria eragileak, herritarrak eta udala elkarrekin lanean hastea, Azpeitia euskaldun izaten jarraitzeko behar-beharrezkoa izango delako. Guztiok batera ekitea, mahai berean bilduta, bidea elkarrekin egiteko eta urrun iristeko modua da. Elkarrekin ibiltzeko gonbidapena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide