Musikaren begirada familian izeneko ikastaroa emango du aurten ere Juan Antxieta musika eskolak. Egitasmo honen laugarren urtea da eta, aurten ere, ikastaro formatuan musikaz gozatzeko modua antolatu du Juan Antxietak, etxeko txikienei eta familiei zuzenduta. Musikaren begirada familian izeneko egitasmoaren bidez, 2023an jaiotako haurrak eta horien erreferentziazko helduak batu nahi dituzte sei asteazkenetan: maiatzaren 7an, 14an, 21ean eta 28an zein ekainaren 4an eta 11n.
Ikastaroan, haurraren garapenean lagun izango den estimulazioa landuko da musikaren bitartez. Haurrei euren izatearen, inguruaren eta gainontzekoen kontzientzia handiagoa eskuratzeko baliabideak eskaintzea, eta emozioak bideratzeko zein eraldatzeko bide musikalak jorratzea izango dira helburu. Edwin Gordonen MLT metodologian oinarritutako saioak izango dira ikastaroaren egun bakoitzean, 16:45ean hasita, musika eskolan bertan.
Saio irekia eta izen ematea
Ikastaroaren inguruko zalantzak argitzeko eta metodologia aurrez aurre bizi ahal izateko saio irekia izango da datorren asteazkenean, hilaren 30ean, 16:45ean, musika eskolan.
Ikastaroan izena emateko, berriz, antxieta@antxieta.eus helbidera idatzi, 656 00 80 43 telefono zenbakira deitu edota musika eskolako bulegora joan daiteke.