Lehen astea prestaketa lanetarako izango bada ere, irailaren 8an hasiko du Juan Antxieta musika eskolak ofizialki ikasturtea, eta horrekin batera, bertan eskaintzen diren aurrez aurreko klaseak. 2 urtetik aurrerakoentzako eskaintza zabala izango da, musikaz gozatu nahi duten haur, nerabe zein helduek Juan Antxieta musika eskolan jaso ahalko dutena. Hainbat instrumentu jotzen ikasi, ahotsa landu zein musikaren esperientzia bakarka edo taldean bizitzeko baliabideak eskainiko dira aurtengoan ere musika eskolan.
Izen ematea, berriz, irekita egongo da irailaren 1etik aurrera, geratzen diren lekuak bete arte. Informazio gehiago nahi duenak ikastegiko bulegora (Soreasuko eraikina, 2. solairua), antxieta@antxieta.eus helbide elektronikora zein 656 00 80 40 telefonora jo dezake.
Ohiko dinamika eta aurrez aurreko saioak udan geratuta egon badira ere, uztailean zehar hainbat ekitalditan parte hartu dute musika eskolako ikasleek. Aurtengo ikasturtea ere ekintzaz eta sorpresaz betea izango dela aurreratu dute eskolako arduradunek.