Musikaren begirada familian izeneko ikastaroa emango du bosgarrenez Juan Antxieta musika eskolak, eta, aurten ere, musikaz gozatzeko modua antolatu du etxeko txikienei eta familiei zuzenduta. Egitasmoaren bidez, 2024an jaiotako haurrak eta horien erreferentziazko helduak batu nahi dituzte sei asteazkenetan: maiatzaren 6an, 13an, 20an eta 27an zein ekainaren 3an eta 10ean.
Ikastaroan, haurraren garapenean lagun izango den estimulazioa landuko da musikaren bitartez. Haurrei beren izatearen, inguruaren eta gainontzekoen kontzientzia handiagoa eskuratzeko baliabideak eskaintzea eta emozioak bideratzeko zein eraldatzeko bide musikalak jorratzea izango dira helburuak. Zuzeneko musika oinarri duten saio horietan Edwin Gordonen MLT metodologian oinarritutako dinamikak izango dira protagonista.
Saio irekia eta izen ematea
Ikastaroaren inguruko zalantzak argitzeko, saioaren nondik norakoak ezagutzeko eta metodologia aurrez aurre bizi ahal izateko saio irekia izango da lehena, datorren asteazkenean, hilaren 6an, 16:45ean, Juan Antxieta musika eskolan.
Ikastaroan izena emateko, berriz, antxieta@antxieta.eus helbidera idatzi, 656 00 80 40 telefono zenbakira deitu edota Soreasuko eraikinean kokatuta dagoen musika eskolako bulegora joan daiteke.