Lehen astea prestaketa lanetarako izango bada ere, irailaren 7an hasiko du Juan Antxieta musika eskolak ofizialki ikasturtea, eta horrekin batera ekingo diete bertan eskaintzen diren aurrez aurreko klaseei ere. 2 urtetik aurrerakoentzako eskaintza oparoa izango da zentroan, musikaz gozatu nahi duten haur, nerabe zein helduei zuzenduta. Hainbat instrumentu jotzen ikasteko, ahotsa lantzeko zein musikaren esperientzia bakarka edo taldean bizitzeko baliabideak eskainiko dituzte aurtengoan ere musika eskolan.
Izen ematea, berriz, irekita dago gaurtik aurrera –irailaren 1etik–, Aurkitu zure erritmoa lelopean. Musikaren zaletasunarekin gozatu nahi duen orok ateak irekita dituela aipatu dute arduradunek eta interesa dutenen ezaugarri zein beharretara egokitzen direla zehaztu dute. Informazio gehiago nahi duenak ikastegiko bulegora (Soreasuko eraikina, 2. solairua), antxieta@antxieta.eus helbide elektronikora, www.antxieta.eus webgunera zein 656 00 80 40 telefonora jo dezake.