Parlamentuaren itzaletan

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2023ko abe. 14a, 09:10

Europako Parlamentua, Bruselan. (Pixabay)

Nagore Aizbitartek 2023ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ia urtebete daramat atzerrian bizitzen, zehazki Bruselan. Hona lanerako beka batekin iritsi nintzen, hiriak "burbuila europarraren" inguruan irakatsiko zidana espero gabe. Eta bai, burbuila bat da benetan, hiri honetako egunerokotasuna nolakoa den ikusten hasten zaren unean, aurpegian lehertzen zaizun burbuila. Izan ere, hemen, Europako erakunde ospetsuek ustez ezarri beharko luketen ordenak erabateko kaosean bizi den gizartearekin talka egiten du.

Egia esan, Bruselara etorri aurretik, Europako beste hiriburu askorekin gertatzen den bezala, guztiz idealizatua nuen hemengo bizitza. "Estatu aurreratuak" bezala saltzen dizkigute, 18:30ean afaltzen hasten diren horietakoak. Hizkuntza eta kultura aniztasuna ospatzen duten lekuak, etorkizun hobea ziurtatzeko helmuga ezin hobe bezala saltzen diren horiek.

Ez dut gezurrik esango, hasieratik asko erakarri ninduen modernitatearen eredu nagusi gisa aurkezten den hiri batean bizitzearen ideiak. Lehen esan dudan bezala, baina, hiri hau zapaltzen duzun unean, burbuila europarra zure aurpegian lehertzen da, eta ezinezkoa da hura saihestea.

Hiri honek badu oso alde ilun bat. Hemen "demokrazia" eta "askatasuna" hitzekin egunero jolasean dauden erakunde gorenak lanerako bidean ikusten dituzu. Europako banderak nonahi topatzen dituzun lekua da, beste bandera askori lekurik uzten ez dieten bitartean. "Euro frikiak" izenez ezagutzen diren pertsonekin nahasten zara, euren karrera profesionalen gorenera iristeaz harro dauden pertsonekin, hain zuzen ere. Aldi berean, ordea, badirudi ez dutela onartu nahi sistema osoa bertako bizi mailari aurre egin ezin dioten bekarioen lanean sostengatzen dela.

Denak oso lanpetuta dabiltza ustezko munduko sistema aurreratu eta ospetsu horren baitan lanean. Hain lanpetuta daude, non ez baitituzte ikusten Europako Parlamentuaren ondoko kalean lo egiten duten familiak. Hitzaldietako eta ekitaldietako ahotsetan oinarritzen dira, kalean zaborrak arakatzen dituzten milaka eskuren soinuei entzungor eginez. Enpresako bileretara eta afarietara iristeko presak ez die uzten kalean droga mendekotasun egoeran daudenei eta laguntzarik ez dutenei begiratzen. Beraiek ere beteko ez dituzten legeak proposatzen dituzten bitartean, ahanzturan erortzen da hiri honetan ematen den segregazioak auzo osoak marjinaziora eta erabateko pobrezian bizitzera eraman dituela.

Bruselako erdigunea eraztuna izenez ezagutzen denak inguratzen du, eta eraztun horren barruan, erakunde horietan lan egiten duten pertsona gehienak daude, Europako burbuila horrekin ezkontzeko aukera izan dutenak. Hiri honetan bizi diren pertsona gehienek ez dute eraztun hori urrutitik ikusteko aukerarik ere. Zergatik? Europako Parlamentuak itzal handia proiektatzen duelako hiri honetan. Itzal hori ehuneko txiki batek baino ezin du argitu. Gehienentzat, ordea, ezinezkoa da argi hori piztea, eta itzalpean geratzen dira, etorkizun hobea agindu zien norbait etorri eta argi hori noiz piztuko zain. Ez dakitena da oso gutxik lagundu nahi dietela itzaletik ateratzen, edo hala dirudi behintzat. Zeren, zoritxarrez, oso trebeak baitira ideia honekin jolasten: ikusten ez dena, ez da existitzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide