Neguko epeltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2025ko urt. 29a, 07:24

(Argazkia: Pixabay)

Nagore Aizbitartek 2024ko abenduko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gaur goizean, ohean zeunden bitartean, nabaritu duzu kanpoan hotz egiten duela. Zure izarek inguratzen zaituzten bitartean, pentsatzen ari zara zer jantziko duzun, zenbat arropa geruza jantziko dituzun. Kamiseta, jertsea, berokia, prakak eta botak. Hala ere, ohean jarraitzen duzu. Oraintxe bertan hotzaren beldur zara. Egun osoa ohean emateko pentsamendu laburra igarotzen da zure burutik. Baina dena delako arrazoia dela eta, une horretan zure babeslekutik atera behar zara, pentsatuz ea benetan garrantzitsuak diren dena delako betebehar horiek. 

Trantsizioa ahalik eta azkarren egiteko saiakera egiten duzu. Jada biluzik bazaude zerbait janzteko, edo pijama baduzu hura kendu eta kaleko arropak janzteko. Une biluzi horretan dena azkar egin behar da. Agian, dutxara sartu zara, epel-epel berriro, trantsizioa errazagoa izan dadin.

Kalera atera zara eta nabaritu duzu negua hemen dela. Musugorri uzten zaituen hotz hori hemen da. Armairuan duzun beroki handiena jantzita daramazu. Hala ere, aurpegia agerian geratzen da, hotzaren biktima prekarioena. Bufanda janztea gehiegikeria dela pentsatu duzu armairuan ikusi duzunean. Eskuak poltsikoetan sartuta daramatzazu. Eskularruak non gorde zenituen oroitzen saiatzen zara, zure eskuek poltsikoetan ahaztutako mukizapi bat ukitzen duten bitartean.

Tanta batzuk, euri leuna. Aterkia etxean utzi duzu, baina, zorionez, zure berokiak txanoa dauka. Dena den, zure buruari promes egiten diozu hurrengoan aterkia hartuko duzula, hartzen duzun bakoitzean euririk egiten ez duela badakizun arren. Sekula ez duzu asmatuko.

Egun osoa trantsizioak izan dira; hotzetik berora, berotik hotzera. Berokia kendu; agian, jertsea ere bai. Leku epel batera sartu zaren bakoitzea, pila bat eskertu duzu une labur hori. Egunak aurrera egiten du, eta eguzkia ezkutatzen hasten den unean gogoratzen zara neguko ordu aldaketa madarikatu horretaz. Ez duzu gustuko. Ez duzu sentitzen eguna amaitu behar denik, hasi besterik ez da egin. 

Eta etxera zoaz, neguko iluntasun goiztiar horrek inguratzen zaituen bitartean. Agian, gaztainak erosi dituzu etxera bidean, zure eskuak eta sabela hotzetik babesteko aukera onena eta goxoena.

Etxera iristean, arropa guztia kendu eta pijama janzten duzu. Goizegi al da berogailua pizteko? Inoiz ez dakizu zehazki noiz den 'ofizialki' horretarako unea, baina zerbaitek esaten dizu gaur ez duela axola. Jada afaldu duzu, eta laster ohera joateko unea dela pentsatzen duzu. Ohean sartu aurretik ere, zirrara txiki bat sentitzen duzu. Kanpoan, hotza gaur goizean bezain handia da, baina oraingoan berdin dio; zure babeslekuan zaude berriro ere eta ez duzu atera beharrik.

Negua iritsi da, eta halako xarma bat aurkitzen diozu, zirrara desberdin bat, ia magikoa. Eguraldiaren aplikazioa begiratzen duzu, eta bihar egun eguzkitsua izango dela ikusten duzu. Zure burua terraza batean kafe bat hartzen imajinatzen duzu, eguzkiak zure masail hotzak berotzen dituen bitartean. Badakizu eguneko unerik onena izango dela, eta ohartzen zara neguak ere baduela bere epeltasun propioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide