Zer gertatzen da zure egunerokotasunaren parte izan den lagun batekin, ia konturatu gabe, kontaktua galtzen hasten zarenean? Egunetik egunera gutxiago hitz egiten duzue. Ez da ezer txarrik pasatu, ez da egon eztabaidarik, ezta errudunik ere. Denborak edo distantziak zuen artean horma mehe bat altxatu balu bezala. Jada ez da hain erraza kafe bat hartzeko geratzea. Egunak pasatzen dituzue elkarri nola zaudeten galdetu gabe. Lehen adiskidetasuna mantentzen zuen hari hori pixkanaka apurtzen doa, eta orain gehiago kostatzen da zure errutina berrian laguntasun horrek eskatzen duena bete ahal izatea.
Eta egoera horren aurrean, askotan ez dago denborarik, edo borondaterik, zer gertatu den galdetzeko. Saihetsezina balitz bezala. Elkarrizketa deseroso batek beldurtzen gaituelako agian. Trantsizio horretan pixka bat ezezaguna den min mota bat ageri ahal da zure barruan. Pixkanaka itzaliz doan harreman horren dolua da hori. Eta dolu mota horiu kudeatzeko tresnak ez dira horren erraz aurkitzen. Lagun batekin duzun harremana hozten edo hausten denean, zereginik ez balego bezala. Ardurarik merezi ez balu bezala.
Lagunen arteko dinamikak ez dira zurrunak. Eraldatu egiten dira, hoztu, egokitu. Batzuetan, ageriko arrazoiengatik (distantzia, ordutegiak, errutina aldaketak), eta, beste batzuetan, gu ere aldatu egiten garelako, besterik gabe. Ezin baikara denean egon. Bizitzak batzuetan elkar urruntzen gaituelako.
Asko hitz egiten dugu bikotekidea zaintzeaz, familia zaintzeaz... Baina lagunen zaintza gutxitan jartzen da erdigunean. Balio txikiagoa duten loturak izango balira bezala. Beste kategoria batean baleude bezala. Eta horrek dena konplikatzen du. Izan ere, lekurik ematen ez zaionari lekua ematen hastea ez da erraza.
Askotan galdetzen diot neure buruari ea ondo zaintzen ditudan nire lagunak. Espero dutena jasotzen dute nigandik? Behar dutena emateko gai naiz? Zer behar dut nik haiengandik? Gure dinamikak osasuntsuak dira? Zerk egiten du laguntasun bat benetan osasuntsua izatea? Nola zaindu ditzaket gaur egun sostengatzen nauten sareak? Eta baita ere: nola jakin noiz den sostengatzeari uzteko unea? Hasieran azaldu dudan egoeraren aurrean, galdera hauek egitea garrantzitsua da. Ez bakarrik harreman hori mantentzeko, baizik eta datorrena biontzat osasuntsuagoa izateko.
Batzuetan, harremana amaitu dela izango da erantzuna. Errurik gabe, gorrotorik gabe. Izan zena eskertuz eta onartuz, une honetan, ezin dela lehen genuena errepikatu. Beste batzuetan, merezi du pixka bat gehiago tematzea. Barkamena eskatzea, behar izanez gero. Aspalditik idatzi nahi duzun mezu hori bidaltzea. Elkarrizketa deseroso horri aurre egitea.
Lagun bat zaintzea zu zaintzeko modu bat ere badelako. Lagunak ez direlako beste lotura batzuk baino gutxiago: bizirauteko sare boteretsu bat dira. Eta lotura hauek ez dira bakarrik mantentzen. Elikatu egin behar dira, entzun, behatu, zaindu. Eta amaituz gero, maitasunez agur esaten ere ikasi, doluaz jabetuz eta onartuz.