Espazioaren konkista

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2026ko otsailaren 22a

Lambrini Girls taldekoak kontzertuan. (Paul Hudson - Wikipedia)

Nagore Aizbitartek urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gitarra zikinen, ahots urratuen, garrasien eta bateria taupada bortitzen jarraitzailea naiz. Punk, rock edo metal kontzertuetan, soinu guzti horiek hizkuntza bateratu bihurtzen dira, non garrasi eta bultzada bakoitzak eguneroko bizitzan agian izenik ez duten mamuak astintzen laguntzen duten. Baina babesleku zaratatsu horietan ere, arazo bat agerian uzten duten isiltasun deserosoak sentitzen ditut. Askatasunari kantatzen zaion toki horietan ere, gorputz guztiak ez dira aske modu berean.

Adibidez, oso ohikoak dira kontzertu horietan pogo bezala ezagutzen diren dinamikak; bultzadak, kolpeak, izerdia, euforia, amorrua, poza, festa, besarkadak. Eta nik beti izan dut gustuko erritu horretan parte hartzea, elkartasun hori sentitzea, barruan daramadan energia guzti hori kanporatzeko aukera paregabea izatea. Baina, aldi berean, askotan sentitu izan naiz txiki pogo horietan. Askotan sentitu dut agian arriskutsua izan zitekeela parte hartzea, eta ondorioz, kanpoko geruzetan geratu izan naiz, ikusle moduan.

Izan ere, jaurti aurretik, lurraren zentimetro bakoitza, sorbalda bakoitza, espazioa hartzen duen gorputz maskulino bakoitza (orokorrean gehiengoa gizonezkoak direlako) aztertzen ditut. Bada beraien jarreran, bultza egiten duten indarrean eta mugitzeko darabilten axolagabetasunean, askotan zalantzan jartzen ez den autoritate bat: beraien pisuak, tamainak eta mugimenduek beste norbait kanpoko geruzetan egotera kondenatzen duen autoritatea. 

Askotan galdetu diot neure buruari ea parte hartzeko beldur hori gehiegizkoa den. Eta duela gutxi, Lambrini Girls-en kontzertu batera joan nintzenean, urteetan sentitzen (eta isiltzen) nuen guzti horrek eztanda egin zuen. Punk-rock talde hori Brightongo bi emakumek osatzen dute, eta beraien kantetan eta kontzertuetan aldarrikapen nagusi bat egiten dute: musika genero horien barruan emakumeek eta mota guztietako gorputz disidenteek espazioak konkistatzeko izugarrizko beharra dago. 

Eszenatokitik, beraien amorrua oihukatzeaz gain, gure gorputzek arnasa hartzeko leku bat eraiki zuten. Samurtasun basati batez, sistematikoki hainbat aldiz ukatzen zaigun lekua betetzera gonbidatu gintuzten. Gonbidapen zuzena zen: "Pogo hau zuena ere bada, eta ez beraiena bakarrik". Eta bat-batean, pogoak gudu zelai izateari utzi zion eta besarkada desordenatu bat bihurtu zen. Nire gorputzak, txiki sentitzera horren ohituak, bertan egoteko eta handi sentitzeko espazioa zuela nabaritu zuen.

Musika taldeek duten botere izugarria erakusten du horrek: eszenatokitik bidaltzen dituzten mezuak kontzertu oso bat eta pertsona askoren esperientziak eraldatzeko gai dira. Aldarrikapenak ezin dira kanten letretan bakarrik geratu; praktikan haragitu behar dira.

Noizbait pogo batera jauzi egin aurretik zalantza egin duten guztiei zera esan nahi diet: egizue. Konkistatu espazio hori, zuena ere bada. Eta jadanik zalantzarik gabe okupatzen duzuenoi; begiratu ingurura, begiratu barrura, izan kontziente zuen gorputzek eta jarrerek duten botereaz, eta utzi besteoi ere parte hartzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide