Ura hotza dago. Badakizu. Oinaren punta bustitzean egiaztatu duzu. Ertzean zaude, hankak zuzen eta besoak gorputzari itsatsita, eguzkiaren distira dardarka islatzen duen ur azalari begira. Eta pentsatzen duzu: "1, 2, 3... eta salto egingo dut". Baina oraindik ez zaude prest.
Goizero antzeko erritual bat daukazu. Alarmak jotzean ohetik atera behar zarela badakizu, egun osoa atearen beste aldean zain duzu. Eta ez zara mugitzen. Oraindik ez. "1, 2 eta 3" esaten diozu zeure buruari, baina hirura iritsi aurretik berriro hasten zara. Eta beste behin. Hirugarren edo laugarren saiakeran, azkenean, izaren babesetik ateratzen zaren arte. Ez da alferkeria. Nahiaren eta ekintzaren artean, pentsamenduaren eta mugimenduaren artean mugitzeko erritual txiki bat, benetan beharrezkoa dena.
Gimnasioan gauza bera. Barra lurrean dago. Eskuekin heltzen duzu, badakizu nola egin behar duzun. Ezagutza hor dago, baina oraindik ez duzu tira egiten. "1, 2 eta 3!". Orduan, giharrak esnatzen dira eta barrari tira egiten diozu, indarra bat-batean agertuko balitz bezala.
Mezu horrekin ere gauza bera, egi garratz bat azaleratu edo elkarrizketa deseroso bat irekiko duen mezu hori. Testua idatzita duzu jada, hitz bakoitza bere tokian dago. Hatza pantailaren gainean geldirik dago, mugitu gabe. "1, 2 eta 3". "Bidali" sakatzen duzu. Eta ez dago atzera bueltarik. Mundua ez da hausten, baina zerbait aldatzen da.
Jendaurrean hitz egitean, lan seguru bat uztean, ezezagunera eramaten zaituen paper bat sinatzean, zurekin hainbeste kilometro egin dituzten oinetako higatu batzuk botatzean. Beti agertzen da keinuaren aurreko espazio txiki bera. Ekintzaren aurretiko atari ikusezin hori.
Eta nire galdera da: zer gertatzen da bataren eta hiruaren artean? Batean kontzientzia dago. "Hau egin behar dut". Burmuinak argi du. Bian zalantza agertu ahal da. "Eta gaizki ateratzen bada? Eta gero zer?". Bia ez da zenbaki hutsa; ate erdi-irekia da. Ez egitea aukeratu dezakegun azken tokia da. Bertigoaren lurraldea da, eta, aldi berean, askatasunarena. Tarte horretan gauden bitartean, oraindik atzera egin dezakegu. Eta hirua, beste gauza bat da. Hirua entrega da. "Hiru" esaten duzunean, zeure buruarekin negoziatzeari uzten diozu. Datorrena onartzen duzu. "Orain".
Zenbaki horien artean, tarte labur horretan, beldurra sentitzen dugu, bai, baina indarra ere bai. Baimena ematen diogu geure buruari denbora hori hartzeko. Ekintzarako prestatzeaz gain, horren ondorioak onartzeko ere indarra biltzen dugu. Ez da ahultasun momentu bat; kontzientzia kontzentratuaren adierazpena da. Unearekiko errespetua da. Presarik ez izateko erabakia da. Pentsatzeari utzi eta izaten hasten garen une zehatza aukeratzea da.
Ura hotza dago oraindik. Badakizu. Baina oraingoan hirura iristen zara eta jauzi egiten duzu. Hotza hasieran ziztada bat izango balitz bezala sentitzen duzu, baina pare bat segundo geroago, jasangarri bihurtzen da eta gustuko duzu. Gorputza moldatzen da, azala esnatzen da, eta ur azpian zauden arren, arnasa lehen baino sakonago hartzeko gai zara.