Liburu berri bat hastea, istorio berri batean murgiltzea, denbora mugatu batean nire egunerokotasunaren parte izango den beste unibertso bat irekitzea. Hori izan zen niretzat irakurketa urte askotan: irrika eta zirrara handiz hasitako izenburu berri bakoitza, denbora geldiarazten zuten uneak eta une horiei denbora ematea axola ez zitzaidan garaia.
Ia konturatu gabe, irakurketari eskaintzen nizkion tarteak murrizten joan ziren. Egunerokotasunak eragindako nekeari, ahalegin handirik gabe kontsumitu ahal nituen telesailen eta filmen eskuragarritasunari eta sare sozialetako scroll infinituak zuen eraginari egotziz errua. Irakurketak erritmoa aldatzea eskatzen zidan, kontzentratzea, introspekzio pixka bat egitea. Eta une hartan ez nengoen horretarako prest.
Blokeo hartatik aterako ninduen itxaropenari helduta, liburu irakurgailu digital bat jaso nuen urtebetetze opari gisa. Aurretik kritikatutakoa, zalantza handiz erabiltzen hasi nintzen tramankulua. Baina oso denbora gutxian, irakurketa berriro erdigunean jartzen lagundu zidan: lanera bidean, ohean argi gutxirekin, edo sofan, lo hartzen banuen ere, orrialdea nire zain geldituko zela jakinda.
Pixkanaka, irakurketaren inguruan sare sozialetan sortutako joera berriak ikusten hasi nintzen. Liburuen inguruko eduki sortzaileak jarraitzen hasi eta gertukoen gomendioak jasotzeko prest nengoen. Sakelako telefonorako aplikazio bat ere bazela jakin nuen: jarraitzen dituzun pertsonek zer irakurtzen duten ikusteko erabili ahal duzun aplikazioa. Bertan urteko erronka bat ere ezarri dezakezu, irakurri nahi duzun liburu kopurua zehaztuz.
Gustuko nuen hura. Gustuko nuen berriro irakurtzen hasi izana. Baina nire irakurtzeko moduan zerbait arraroa nabaritzen hasi nintzen eta gaur egun ere sentsazio berarekin jarraitzen dut. Noizean behin sentitzen dut arreta ez daukadala liburu horrek eskaintzen didan unibertso berrian; liburu hori amaitzean baizik. Esku artean daukadan liburua amaitu aurretik hurrengo biktima zein izango den pentsatzen dut askotan.
Eta galdetzen dut ea hori neuk bakarrik eraiki dudan ala nire inguruan zerbait dagoen, isilean, joera hori elikatzen aritu dena. Uste dut gero eta gehiago bereizten ditugula esperientzia bera eta harene kontakizuna, eta pixkanaka-pixkanaka kontakizuna eta kantitatea bihurtu direla benetako protagonista. Edukiak gero eta laburragoak dira, zuzenagoak, amaierara arte kontsumitzeko errazagoak. Industriak gure arreta gaitasuna aldatu dela onartu eta, erresistentzia ezarri beharrean, erritmo horri jarraitzea erabaki izan balu bezala.
Liburuetara itzuli naizela esango nuke, baina batzuetan galdetzen diot neure buruari zer esan nahi duen zehazki itzuli izanak. Galdu nuena berreskuratu dudan ala, besterik gabe, irakurtzeko modu berri honetan berriro ere nire lekua topatu behar dudan.