Badira amesten ari direla ohartu eta paisaia, ekintzak eta amaiera erabakitzeko gai direnak. Badira lo egiten duten bitartean mugitzen direnak, hitz egiten dutenak, begiak itxita etxean zehar ibiltzen hasten direnak eta hurrengo egunean ezer gogoratzen ez dutenak. Badira loaren paralisia pairatzen dutenak, loaren eta errealitatearen arteko muga bitxi hartan harrapatuta geratzen direnak. Eta badira, noski, inoiz amesten ez dutela esaten dutenak.
Pertsona bakoitzak bere ametsekin duen harremana berezia da, bakarra. Batzuentzat gozamenerako lurraldeak dira, errealitatea baino askeagoa den bigarren bizitza bat edukitzeko espazioak. Beste batzuentzat beldur iturri dira, eguneroko mamuen kontrolik gabeko erasoak jasateko lurraldeak. Batzuek koaderno batean idazten dituzte ametsetako bizipenak. Sinboloen teorietan murgiltzen direnak ere badaude. Beste batzuek ez diete kasurik egiten, piztuta dagoen eta kasurik egiten ez diozun telebistaren antzera tratatzen dituzte.
Eta, hala ere, ametsak bizitzeko aniztasun horren barruan, ia denok hitz egin izan dugu haien inguruan. Norbaiti kontatu izan diogu zer amestu dugun bart gauean; esnatzerakoan alboan duzun bikotekideari, kafe bat hartzeko geratu zaren lagun horri, zure alboan horrenbeste ordu pasatzen dituen lankideari… Gehienetan, jakinik partekatzen ari zaren horrek ez duela zentzurik, ez duela logika zehatzik.
Gure eguneko ordu bakoitza planifikatzea horren normalizatuta dagoen garaian, gure buruaren bertsio bakoitza zaintzeaz horrenbeste arduratzen garen une honetan, ametsak optimizatu ezin diren espazio bakarrenetakoak bihurtzen dira. Ezin dira planifikatu, ezta hobetu ere. Ahaztuak uste zenituen pertsonak, egunean zehar urruti mantentzen dituzun beldurrak eta esna zaudela erabat onartzen ez dituzun desirak agertzen dira. Ametsek ez dute galdetzen zure buruaren zein bertsio erakutsi nahi duzun. Material zaharrago batekin funtzionatzen dute, editatu ezin dena.
Eta niretzat, ametsek duten gauzarik interesgarriena hauxe da: nahiz eta errealak ez izan, haien ondorioak badira errealak. Adibidez, amesgaizto batek gorputzaldi txar batekin esnatzea eragin dezake, eguneko aferei aurre egiteko energia xurgatu ahal dizu. Lotan zaudela erreproduzitzen hasten den film horretako eszena batek erabaki garrantzitsu bat hartzera bultzatu ahal zaitu. Erreala kontsideratzen ez den unibertso horrek, errealitate bezala bizitzen dugun unibertso honetan arrakala bat ireki dezake.
Agian, horregatik partekatzen ditugu batzuetan ametsetan bizitako komeriak. Kontrolatzen ez dugun, aukeratu ezin dugun eta ilunpetan bakarrik agertzen den gure zati horren lekuko bat behar dugulako. Koherentzia goraipatzen duen mundu batean, ametsak gure izate inkoherente horren ordezkariak dira. Eta partekatzea, beti ametsetan gertatutakoa ongi gogoratzeko edo kontatzeko gai ez bagara ere, agian bada "hau ere ni naiz" norbaiti esateko modu zintzo bat, lotan bizi dugun unibertso horren eta esna bizi dugunaren artean zubi bat eraikitzeko modu bat.