'Skincare'

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte

Nagore Aizbitartek urriko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Komuneko ispiluan begira zaude. Begirada makal batek zeharkatzen du zure aurpegiko zentimetro bakoitza, tentuz, egoera ebaluatuz. Zerbait topatu nahian, eta noski, topatzen duzu. Beti topatzen duzu. Zure azala, aurpegia, oraindik gaztea da. Ez dago zimur nabarmenik oraindik, baina komun horretako argi zuri horrek beste dena agerian uzten du; poro irekiak sudurrean, okotz inguruan ateratzen zaizkizun ile beltz eta sendo horiek, bat-batean agertu den grano hori, masailean noizbehinka agertzen zaizun orban gorri hori, begi zuloak... Zerrenda amaigabea.

Gero, apaleko pote ilarari begiratzen diozu. Krema, xaboia, seruma... Zure azalaren zaindariak. Orain dela urte batzuk skincare hitza Instagramen entzun zenuen, eta baimenik eskatu gabe zure eguneroko hiztegian sartu zen. Errutina hori goizetan eta gauetan egitea oso garrantzitsua omen da. Eta egunen batean kale egiten baduzu, nekeak edo alferkeriak irabazten badute, komuneko argi horrek inoiz baino gehiago epaituko zaitu.

Zure aurpegia beste begiek ere horrela ikusiko al duten pentsatzen duzu. Zuk sumatzen duzuna antzemango ote duten, zuk epaitzen duzuna epaituko ote duten. Eta gogoratzen zara skincare hitza zuretzat ezezaguna zen garai hartaz. Noiz hasi ote zen etorkizunean agertu ahal diren zimur eta inperfekzio horien guztien aurkako guda isil eta bakarti hau? Faltan sumatzen duzu kezkarik gabeko garai hura; zure ezpain finek edo irribarre egitean nabarmentzen eta gorritzen zaizkizun masail hezurrek bestelako azalpenik eta konponbiderik behar ez zuten garaia. Eta noiz amaituko da? Egunen batean zure aurpegiko zentimetro bakoitza arakatzeko beharrik ez duzu izango? Edo pantailetan ikusten dituzun aurpegi horietako bat bihurtuko zara? Urteak igaro ahala beti berdin jarraitzen duten horietako bat.

Gaur egungo haurrengan pentsatzen duzu, 10 urterekin, edo lehenago, Olentzerori zimurren aurkako kremak, makillajea edota hamar pausoko skincare kit-ak eskatzen dizkiotenetan. Konpondu beharreko ezer izan aurretik, jada azala zaintzen hasi behar dutela sentitzen duten horiengan. Erlojua, beraientzat, jada abian da. Eduki ote dute eta edukiko ote dute denbora kezka hori gabe bizitzeko?

Eta segituan ohartzen zara zeure buruan 30 segundo iraun dituen bakarrizketa honekin nazkatuta zaudela. Ispilura itzultzen zara. Komuneko argi zuriak hor jarraitzen du, etengabe epaitzen. Baina oraingo honetan, zure inguruko beste eredu batzuetara bideratzen duzu pentsamendua. Denboraren eragina aurpegian harro erakusten duten horiengana. Jakinik axolagabetasun hori dela, egiaz, zuk oraindik onartzen ikasi ez duzun askatasun mota bat.

Orduan, une batez, akats horiek topatzeari uzten diozu. Zure aurpegiari begira zaude, besterik gabe. Aurrean dituzun krema, xaboi eta serum poteei begiratzen diezu eta pentsatzen duzu ea benetan egunero ikusi nahi al dituzun hor, ea benetan behar al dituzun. Jarraian, zure begirada argi zuri horrekin itsutzen zaituen bonbillara bideratu da. Agian, beste argi mota bat duen bonbilla bat erosteko unea da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide