Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteak ez du begi onez ikusten Sañoa, Komisolatza eta Pagotxeta aldean egin nahi dituzten zentral eolikoak eraikitzea. Ehiztari eta naturzale garen heinean, ezinbestekoa iruditzen zaigu gune natural horiek babestea; besteak beste, hainbat eta hainbat arrazoiren artean, mendi gain horiek Europako iparraldetik hegoalderako hegaztien migrazioan pasabide bete-betean aurkitzen baitira, milaka eta milaka hegaztiren ezinbesteko paseleku bilakatuz. Ezin dugu imajinatu ere egin halako paisaia zoragarri batean 200 metroko dorre beldurgarriak izango dituen parke eoliko bat eraikitzea, eta horrenbestez, Sañu Bizirikek aurkeztu berri duen manifestura atxikitzen gara.
Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteak, era berean, inguruko ehiztari eta naturzale guztiei deia luzatzen dizuegu, martxoaren 18an 19:00etan Azpeitiko plazatik irtenda egingo den manifestazioan parte hartzera, hainbeste zaindu, gozatu eta maite ditugun mendiak ez ditugulako suntsituta ikusi nahi.