Noizbait gazte izandako guraso askoren buruhauste nagusia beren seme-alabek zer edaten duten xehetasunez jakitea da. Horrela, familia oturuntzak solasaldi deserosoz betetzen dira. Garagardoa eta lejia eskatzen dutenetz, konbinatuak, kolore arrarodun plata o plomo txupitoak; belaunaldiz belaunaldi irteten geroz eta lehenago hasten ote diren susmo oinordetzan hartua agian. Jazz Berriko kubalibre guztiak preskribatuta baleude bezala.
Testuingurua askotarikoa dela ere, edanaren gainean eraikitako harreman, aisialdi eta gizarte ereduan bizi gara. Eta, gainera, harro gaude horretaz. Entsaladarekin edo kafearekin gertatzen den bezala, ez dut inor ezagutzen probatutako lehen aldian garagardoaren edo patxaranaren zaporea gustatu zitzaionik. Hala ere, gehienek ikasten dute nabarmen ez gelditzeko garraztasun zenbait eztarrian behera pasatzen.
Txikiteroena galtzeko arriskuan dagoen espeziea da. Kristal lodiko baso motzek, kopa hanka meheei bide eman diete, kupela errioxarreko kriantzetara lerratu garen ahala, Manso anaiak kalimotxoaren bidegurutzean abandonatuta. Ardo onak bihotzerre gutxiago ematen baitu. Hartziduraren modari darraio, askori lupulua erein eta garagardoa artisau erara egitea otu zaio. Eta aho sabaia aise ohitzen denez sasitik almitzera, erabakia jada ez da kaña edo zuritoa eskatu, IPA, lagerra, tostatua, edo iragazi gabea aukeratzea baizik. Giza garapena izan daiteke, mingainaren zahartzaroa bestela, gin-kasetik gin-tonicera; kopa zuritik beltzera pasatzea.
Atzerritarren begietara tabernan eskari bateratua egitea, potea jartzea alegia, ezohikoa da. Talde batasunaz eta zerbitzua arintzeaz harago, ordea, presio sistema ukaezina da. Lagun artean alkoholik probatu gabe ibiltzeko, bi koartada posible besterik ez daude: autoa gidatu behar izatea eta granoen kontrako tratamendua. Gainontzeko abstemioentzat nekagarria da une oro egarririk eza justifikatzea, on beharrezko eskaintza etengabean. Are gehiago alternatibaren bodega murritza bezain estigmatizatua denean: sagar zukua, bitter kasa, tea edo freskagarriak. Enegarrenez balantzan, zer den osasuntsua eta zer sanoa.
Erromatar inperioak, zibilizazioaren oinarritzat zuen nonbait ardoa. Errusiako hotzari aurre egiteko, vodka ezinbestekoa iruditzen zaigu. Marrazki bizidun japoniarretan gurasoek sakea edaten dute. Mexikora ikasketa bidaian doazenek tekila ekartzen dute oroigarri gisa. Eta piraten bizitza hoberena da ron botilarekin.
Loteria zozketaren biharamunean, ezkontza ospakizunetan edo lasterketetako podiumetan, Moët Chandon apardunak isurtzen dira joritasunaren erakusgarri. Eztabaida genezake zilegi ote den sozializazioa hartu-eman hordituetara lerratzea, ukaezina dena da, arkumeari ongi doakiola txanpaina.
Ezkioko Igartubeiti dolare eta baserri museoan, kirikoketa hotsean azaltzen dute zeinen garrantzitsua izan zen sagardoa, Ternuara baleatara zihoazen euskal arrantzontzietan. Barrika estu luzeekin egingo zieten aurre eskorbutoari eta elikagai eskasiari.
Ez dago Ezkiotik urruti Okorro baserria. Kondairak dio, okorrotarren etxean, behin zahagi ardoa hustu omen zutela Gabonetan. Hala, auzokoren batek harrituta galdetuko zion etxeko nagusiari: "Zahagi bete edanda, haatik mozkortuko zineten ba?". Okorrotarrak erantzun: "Mozkortu? Gu? Ez, ez. Ama hasi zen apur bat, dantzan eta beste... baina mozkortu ez".