Adimen artifizialak giza gaitasunaren oinarriak hankaz gora jarri ditu, autoestimu krisia eragin baitigu gizakiak sortutako zerbait gu geu baino burutsuagoa izan daitekeela onartzeak. Jadanik, makinek ordezkatuko gaituzten beldurra klasiko bat da; pentsa, Eibarko garajeetan ehundutako sarea, makinak eraikitzeko gai diren makinak eraikitzera bideratuta dago. Piezak edo zatiak fabrikatu, puzzlea elkartu eta martxan jarrita, beste makina batzuentzako atalak egin ditzakete burdinazko tramankulu hauek.
Sektore honetan, zuzentasuna ezinbesteko ezaugarria da. Merkatuak, tresna zehatzak eskatzen ditu, pieza zuzenak egin ahal izateko, makina zuzenak behar baitira ezinbestean. Ezin eraiki daiteke makina zuzenik, ordea, horretarako lehengaitzat osagai okerrak erabili badira. Bestela esanda, arkatzez marraztu dezakegun lerroa, erabilitako erregelaren araberakoa da. Baina erregelen Staedtler fabrikan ezingo dituzte kalitatezko eskuadra eta kartaboiak sortu, horretarako plano aproposik ez badaukate.
Sorgin gurpil horretan artisautza agertzen da. Historia liburuetan lurrun makinaren iraultzarekin zendutzat jo bazen ere, geroz eta gailu hobeak sortzeko, ezinbestekoak dira giza esku hartzea, ofizioen ezagutza eta pertsonen jakinduria. Susmoa dut antzera gertatuko ote den garapen zientifikoaren gainontzeko arloetan ere.
Lerro eta plano perfektuak ekuazio matematikoetan soilik existitzen dira. Errealitate ukigarrian dena baitago oker, ardatz batzuk besteak baino gehiago.
Zuzentasuna termino erlatiboa da. Egiazko gauzen dimentsioak definitzeko neurketa bat burutu behar da. Neurketa aparatua eredu idealtzat hartu eta aztertzen dihardugun elementua harekiko alderatzen da, zenbateko desbideraketa duen esanaz. Alegia, gauza guztien zuzentasuna, hori ebaluatzeko erabilitako patroiaren araberakoa da.
Zenbaitek konparaketak gorrotagarriak direla dioen arren, geometrian bezalaxe eguneroko jokaeren nolakoa ere, alderatzen dugunaren araberakoa izango da. Horrela, azterketa gainditu ez izana ametitu daiteke, beste gelakideek ere nota eskasak atera badituzte. Gainontzeko estadio guztia horretan ari bada, epaileari txistu eta iseka egitea normaltzat hartzen da. Edo senide gazteenaren zintzotasuna anaia/arreba zaharragoaren etxeratze orduari zor zaio.
Zuzenbide estatuak elkarbizitzaren mesedetan, lurralde bateko lege eta arauak finkatzen dituen arren, inor gutxik erreparatzen die pergaminoetako mandamentuei, haietatik desbideratzeko ez bada. Orduan hasten da jurisprudentzia martxan, okerrak arrastoan sartzeko. Oro har, seguruagoa da burruntzi forma izatea, non eta ez zaren hurritz kimu bat, urriko ilberrian.
Edozein egoera definitzeko, aztertuko den esparruaren neurriak zein diren erabakitzen da, hots, sistema akotatuko dugu. Espazioan gure eremuak duen posizio absolutua ezezaguna denez, testuinguruaren barreneko koordenatu erlatiboak zehazten dira. Oinarri ezagun bat bermatu, eta gainontzeko kokapen guztiak haren arabera deskribatzeko.
Agidanez, nekeza egiten zait eguneroko galderei termino absolutuetan erantzutea: nolako proposamenei deritzedan ongi; zein pentsamoldetara lerratzen naizen, zerbait gustatzen ote zaidan… Arkimedesek kontrapuntu bat eskatzen zuen mundua mugitu ahal izateko. Niri ere emadazu erreferentzia bat eta erantzungo dizut zer moduz nagoen.