Jardin bat zuretzat

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2023ko abu. 11a, 08:00

Bitxiloreak. (Pixabay)

2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Kostaldetik urrunekoak garenoi, eta gainera igerian abilezia gutxikoak, ulertezina egiten zaigu jendea Lapurdiko itsasertzera belharretara joatea. Ikasleak kurtso amaierako bidaian doazenean, berriz, beti hartzen dute tartea Amsterdameko Coffe Shopetan botanikako praktikak egiteko.

Gazte askok lurrarekin duten harremanik zuzenena futbol zelaietakoa izango da. Antzina hareazkoak ezagutu genituen arren, orain bi motatakoak izaten dira: artifizialak eta natural deitzen zaien artifizialak. Geu ere umetan ganaduaren belar jatekoak egin eta gero, zelai ebaki berrian porteriak inprobisatu eta futbolean saiatu izan ginen. Gustura ikusiko nituzke Lehen Mailako jokalariak haien moduko soropil pendizetan.

Behin hormigoi gainean, argirik sartzen ez den eraikinen barrualdeak plastikozko lorez apaintzen ditugu, eta negutegiak nitrogenoz ongarritu, Gabonetan ere tomatea jan ahal izateko. Liburugintzan jardunagatik ere, ukaezina da azken belaunaldi aldaketetako transmisio galera. Tartean, sendabelarrek dakitena, eta guk ez dakiguna. Artajorran dabiltzanak ez dakit konforme egongo diren, baina adituen esanetan, barrabasak barrabas, belar txarrik ez omen da.

Ziklikoa den hirigintzaren aldi honetan, berdeguneak eraikitzeko joera dago. Obra zibiletako zubiak eta tunelak belar haziz estaltzen dira, eta biribilguneen oligopolioa eskulturek eta hortentsiek borrokatzen dute. Denok erein genuen eskolan hazi bana, algodoi bustia jogurt potean sartuta. Apika horregatik ugaritu dira cherry tomateak lorontzietan eta bugainbileak balkoietan. Preso dauden landareak, preso dagoen jendearentzat.

Ezbairik gabe roboten garaian gaude. Zeinen ongi bizi diren erakusten duten txalet atarietan roombak dabiltza belazeak golfean jokatzeko moduan uzteko, eta Gazumeko otadian eskokatzeko makina telegidatuak. Jaten duguna baldin bagara eta landareak simaurretako nutrienteetatik elikatzen badira, Guggenheimen bezala daude Loiolan ere lorezko txakurrak, eta txakurrezko loreak.

Gure aitonari lirioen usaina gustatzen zitzaion.

Ni, berriz, usaimen memoriek mandioko atera naramate, uda gau batez belar ondua ganbarako tranpaldora jaso eta gero. Kutxidazu bidea Ixabel pelikulak erakutsi zigun, ezin dela zuhatzik egin gramineoei alergia izanez gero. 80ko hamarkadan, siloen eraikuntzak iraultza ekarri zuen belar hezea negurako gordetzeko sistema baitzen. Laster, ordea, plastikoz estalitako bolak agertu eta siloak oilategi bihurtzera kondenatu zituzten.

Kolore biziak ospakizunen apaingarri zaizkigu; Gabonetan gorosti pinportadunak, Sant Jordi eguneko arrosa gorriak edo eztei zeremonietako gardeniak. Santu Guztien egunetan hilerriak atontzen ditugu, betiereko tristurari edertasun iragankor batekin kontra egiteko. Chavelaren arabera, ordea, negarrez ari direla dirudi, haizeak mugitzen dituenean.

Nigatik balitz, libre lirateke hostoz hosto erantzitako pitxi loreak, edo lau orriko hirustak. Akaso, kaktusak ihartzen zaizkigunoi, ez dagokigu begoniak urez betetako pitxarretan zimeltzen ikustea.

Irudipena dut, beraz, igogailuko ispiluan ateratako argazkiak, indibidualismoa eta Instagrameko onarpen sozialaren beharra ez direla horren arazo modernoak. Lilipak bezain aspaldikoa baita Nartziso iturriko bere islatan ito zeneko hura. Lore bakoitza zauri bat bada, jardin bat zuretzat baino kasik baratze bat hobe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide