Izen ala ezizen

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2023ko urr. 23a, 14:27

(Irudia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2023ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Paul Urkijoren pelikulak gogorarazi zigun, izena duena badela. Eta Oskorriren iritziz, berriz, euskaraz, lau gauzak izen bat dute eta gauza batek lau izen.

Gizakion kasuan, modak erasanda jartzen zaizkie haur jaio gabeei betiko eramango dituzten deiturak. Garaiz aurretik izanda ere zoriontzeko ez da berandu; esperoan dagoenari, zer den galdetzea baino, aproposagoa delakoan izenagatik interesatzea. Ezbairik gabe, nortasun agirian karga ezberdina dute Hermenegildok, Anek, Eustakiak eta Unaik.

Izen ala ezizen, besteek ezarriak konponbiderik ez duelako edo, gainbeheran hasten direnero aldatzen dute musika taldeek beraiena. Proiektu berriak, gauzatxoak datoz eta ekdisi moduko bat.

Negozio askok fundatzaileen siglak daramatzate karteletan, eta zenbaiten originaltasun mailarekin kasik horrela hobe. Ogi Eder, Ogi Berri, Ogi Ona, Labe Txiki, Labe Goxo, Labe Gorri… oinarrizko lehengaiak beti dira irina eta ura, baina bota ziezaiokeen bakoitzak gatz apur bat bereizgarri. Etxebizitza, elkarte edo antzekoez Julian Alustiza Aztirik bere Euskal baserriaren inguruan liburuan dio, gaur egun badela hamaika izen txepel, ez direnak ez ur eta ez salda: Gure Kabi, Leku Eder, Xoko Ona edo Nahi Genuena kasu. Aldiz, Sagasti Zabal, Otalora edo Lizarribar gisakoek esanindar paregabea dutela toponimian.

Gure pelutxeak Pintto, Ricky edo Argi izan ziren arren, jada zaharkituta gelditu dira. Iaz, esaterako, Max, Bruno, Nala eta Kira izan ziren inguru honetan gehien errepikatutako zakur izenak. Gure osabaren txakurra Lulu da. Ezagutzen dut beste Lu bat ere, baina hark nonbait Lowe idazten du.

Dokumentu ofizialetan era batera agertu arren, egunerokoan oso ohikoa da laburduretara jotzea. Senide bati, ezinegona sortzen zion Marijo, Juankar edo Eli bezalakoak erabiltzeak. Horregatik aldarrikatzen zuen deiturarik egokiena alfabeto greziarreko Pi zela, inolaz ere laburtu ezina. Hala ere, gutxi fidatu, Bizkaian Ea herriari, Ie esaten badiote.

Matematikako ekuazioetan X-k edozein balio har dezake, eta ezezagun bati deitzeko ere edozein letrak balio du. Aitzitik, aurrenengo ezezagunari ia beti X esleitzen zaio. Zenbait teoriaren arabera, aljebra ekialde hurbilean garatu zenez, iberiarrek formula matematikoak ulertzeko zailtasuna zuten, eta horregatik arabierako "ezezaguna" hitzaren adiera hoskide bat erabiltzen hasi ziren. Baliteke, ordea, laburpen soil bat edo ausaren ondorio izatea ere.

Vintagea modernoa den honetan, txioherria Hypothymis azurea izatetik X izatera pasatu da, aizkolarien txapelketa nagusia Sherpa.ai dugu eta sare sozialen munduko enpresa talderik garrantzitsuena, Meta.

Ohituta gaude saskibaloi eta eskubaloi taldeek enpresa iragarlearen irudia klubaren jatorrizkoari eranstera. Ildo berean, txirrindularitzako maillotek batere disimulurik gabe babesleen izen segida hartzen dute denboraldi bakoitzean, Europako banketxeen eta telefonia konpainien zerrenda buruz ikas dezagun. Donostian Bilintxi eskainitako kale kaskar bat dago, liburutegia bataiatu gabe, eta Zestoan Pio Baroja plaza. Oraingo joeran, inork futbol zelairen bati bere izena jar diezaioten nahi badu, kostatuko zaio.

Esaerek bestela badiote ere, izango dira izanik gabeko izen, eta izenik gabeko izanak. Alegia, TRX eta brunch berriak iruditu arren, abdominalak eta hamaiketakoa aspaldikoak direla.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide