Marijo beste inor ibiltzen ez zen garaitik dabil bizikletan; duela hogeitaka urte praka laburrak jantzita irteten zen errepidera. Orain, larunbat goizero Larraitzetik joan-etorria egiten du Iturburutik barrena, senarrak atzetik bizikleta elektrikoarekin jarraitzen diola. Klasearen osteko atsedenaldietan, aitzindariaren harrokeriarik gabe, baina nostalgia apur batekin esplikatzen ditu gaztetako ibilerak furgonetan. Gidabaimenik gabeko ikasle kuadrilla batek, buruan zerabilkien Aizkorrira bidaia bat egitea, eta bera prest agertu zen astebururen batean kotxez eramateko. Proposamena gauzatu aurretik inguratu zuten gazteek kotxe bana.
Anai-arrebetan zaharrena zenez, senide gazteagoen ama papera tokatu zitzaion Marijoseri. Akaso, horrek eragiten dio gainontzekoen erosotasunetik arreta desbideratu ezina. Gazterik izan zuen seme bat, eta hura koskortu bezain pronto hasi zen besteren umeak zaintzen. Horretan pasatu du bizitza, esate batera. Biloba txikia eskolatik jaso, bazkaria prestatu eta parkera eramateari ez dio lana irizten. Jubilatuta dagoenez, bizipoza ematen dio egunero entretenituta egoteak. Hori diote semeak eta errainak.
Tokatu zitzaien nerabezaroarekin, denbora kontua zen Marijoren anaia kartzelan sartzea. Bisean bisekoetara bueltaka zebilela ezagutu zuen ezkontidea, baina udaberri gutxi iraun zien eraztunak soinean. Ez dauka damurik ingurukoek zalantzan jartzen dizkioten harremanengatik. Are gutxiago, oinarrizko ikasketak bukatu gabe uzteagatik. Nagusiak gutxiegi ordaintzen dion taberna batean sukaldari baizik ez zezakeen jardun. Badaki beste edonork eskainiko liokeela ostalaritzan lana, eta noizbehinka taberna jabeari gogorarazten dio nor den negozioaren zutabea. Eroso sentitzen da, zartaginari kirtenetik heltzen diola.
Umetan gorroto zuen mojek bere izenez dei ziezaioten. Heldu zenean, nortasun agiria moldatu zuen, eta harrezkero Josebe da. Betidanik izan du osasun pattala, eta medikuaren kontsultan ordu asko pasatzen zituen, makrobiotikaren mundua deskubritu zuen arte. Ez daki astean bitan yoga egiteak edo lagunekin arratsaldeetan hartzen duen ebakiak egiten dion mesede handiagoa; edonola ere, feng shuia inoiz baino orekatuago sentitzen du. Ez du bere burua Imsersoko programan Benidormen ikusten, aldiz, ingelesa menderatuko balu, Europako hiriburuak bisitatzeak inbidia handiagoa emango lioke. Beharbada, erretiroa hartzen duenean hasiko da akademiara joaten.
Gazteagoa izanda ere, inork ez zuen zalantzan jarri etxearen maiorazgotza anaiari zegokiola. Gurasoak sasoiko zeuden artean, martxa handia zuten baserrian: okela eta esnetarako azienda, artalde handia, zaldi dotoreak eta makineria aurreratua. Aldi hartan, Marijori bateragarri zitzaion abereen gobernantza bulegoko lanarekin. Ordea, gaixotasun batek aita eta anaia eraman zituenetik, bera bakarrik gelditu da etxearen kargu. Inguruko zelaiak, segaz ebakitzen zituztenean baino zabalagoak iruditzen zaizkio. Sasia gogotsu igotzen da oilategian gora. Badaki geroz eta sarriago eskatu beharko duela laguntza, baina oraindik gai da, inoren errukirik gabe, ordena mantentzeko.
Marijo bakoitzak bere historia du. Eta seguru denok dugula inguruan norbait, bizitzak zer kontatua eman diona. Aldarrikapen moreen azpian oharkabean pasatzen direnei, tokatzen zaigu zeinen estimutan ditugun aitortzea behintzat.